euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Premiaz eta ETBko saio berri batean berehala hasteko Diasporako gazte baten bila ari dira

2012/06/25

Rocio Basterra argentinarrak fan eta zaleak lortu zituen 2008an ETBko Mihiluze saioan egoki parte hartu zuenean. Uda honetan egunero ikusi ahal izango da 'Yes we jai' saioan (argazkia EuskalKultura.com bideoa)
Rocio Basterra argentinarrak fan eta zaleak lortu zituen 2008an ETBko Mihiluze saioan egoki parte hartu zuenean. Uda honetan egunero ikusi ahal izango da 'Yes we jai' saioan (argazkia EuskalKultura.com bideoa)

PUBLIZITATEA

ETBn uztailean hasiko den saio batean aurkezleari sostengua emanez parte hartzaile aritzeko Diasporako gazte gizonezko baten bila ari da Euskal Telebista. Estatu Batuetakoa edo beste herrialde batekoa izan daiteke eta eskatzen zaion bakarra euskara maila onargarria eta kameraren aurrean natural agertzea da, uztail-abuztua Euskal Herrian pasatzeko prest egotearekin batera. Hautatutakoa, baldintza beretan dauden biko talde batekin hasiko da, horietako bat Rocio Basterra euskaldun argentinarra. Bai, gure irakurleek dagoeneko ezagutzen duten Rocio irakasle, euskaltzale eta pilotaria, uda honetako ETBko izarra bilakatzekotan da.

Bilbo, Bizkaia. Rocio Basterra, Viedmako patagoniarra, Bahia Blancako euskal etxean ere euskara klaseak ematen dituena, eta azken urteotan pilotari gisa ere gailentzen ari dena, Euskal Telebistak uda oroz aireratzen duen herriko jaietako programan arituko da, Euskal Herritik kanpo sortua den beste euskaradun batekin, Sonia Kolazcek-ekin, bere ikuspuntutik eta Euskal Herri bazterretako euskal herrietako jaietatik bertako bitxikerien eta tradizio berezien lekukotasuna emanez.

Saioak, aurtengoan,' Yes we jai' izena hartuko du eta ETBk iragarri duenez, egunero emitiko da, gaueko 21:45etan eta ETB-Sat eta Canal Vascok ere emitituko dute. Aurkezle nagusia Joanes Passicot aktorea izango du, Iparraldekoa, eta laguntzaile edo jai-bisitatzaile Rocio Basterra eta Sonia Kolazcek izango ditu, eta baita ere hirugarren bat, baldin eta ETB eta Pausoka ekoiztetxea egiten ari diren dei honek arrapostu lortzen badu.

Izan ere, aipatu 'Yes we jai' saiorako pertsona baten bila dabil ETB. Gizonezkoa izatea eskatzen dute, Estatu Batuetakoa ahal dela, baina beste inongoa ere izan daiteke. Euskara mintzatuarekin gutxi gora behera moldatzea eskatzen da (ez da perfektoa izatea eskatzen, komunikatzeko gauza izatea baizik, akatsen batekin bada ere), kameraren aurrean natural agertu eta uzkur edo lotsati ez jokatzea, eta prest egotea uztail-abuztua Euskal Herrian jairik jai pasatzeko. Hautatutakoari Euskal Herrirako joan-etorri txartela emango zaio, eta ostatua eta janaria Donostian. Astero lau egunez arituko da Euskal Herriko bazter bateko eta besteko jaiak bisitatzen kameraria atzean duela.

>

[Rocio Basterra eta Natalia Hormazabal 2008an ETBko Mihiluze saioan partaide izan zirenekoa, Diasporako gazte euskaldunen ikurra goian utzirik]

Baldintza hauek betetzen badituzu edo betetzen dituen norbait ezagutzen baduzu, idatzi ezazu emaila yeswejai@eitb.com helbidera, eta hortik aurrera Skype edo antzeko medioren batez komunikatuko lirateke ETBkoak, xehetasunak adostu eta berehala hasteko, ste honetan bertan, ahal dela.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia