euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pradalesek 2024a errepasatu du bere Gabon Mezuan eta aitzinatu ditu Lege Berria, Han-Hemen eta Interpretazio Zentroa

2024/12/19

Imanol Pradalesek Eguberritan lehendakariak zabaldu ohi duen Gabon Mezua helarazi dio Diasporari
Imanol Pradalesek Eguberritan lehendakariak zabaldu ohi duen Gabon Mezua helarazi dio Diasporari

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Imanol Pradales Diasporari zuzendu zaio lehendakari gisa lehena duen Gabon Mezuan eta kanpoan dauden edo bizi diren euskaldunei bere agiantzak bidali dizkie, 2024ak ekarri dituen momentu goren edo berezi batzuk gogoratuz, ilusioz ekinez Euskadik eta Diasporak elkarrekin aurre egin beharreko erronkei, eta aitzinatuz bide horretan aurreikus daitezkeen eta Jaurlaritzak eta munduko euskaldunak lankide garatzen joan beharko duten planetako batzuk.

Bere hitzetan lekua egiten die lehendakaritzaren arduran aurrekari izan dituenak, hain zuzen ere lekukoa eman zion Urkullu lehendakaria eta aurten zendua den Jose Antonio Ardanza, eta Diasporaren bilgarri diren zenbait saio eta ekimen, hala nola Bahia Blancan egin berria den Euskal Argentinar Aste Nazionala, 2025an Tandilen egingo dena, edo 2025eko Boiseko Jaialdi, espektatiba handiak bereganatuta, azkeneko edizioa pandemiagatik bertan behera geratu behar izan ondoren. Baita Euskal Herria zeharkatu duen 'Basques in Australia' erakusketa ibiltaria, Pariseko Euskal Etxeraino heldu dena, eta 2025an Australia bertako Sydney eta Townsvilleraino iritsiko dena.

2025erako eta legegintzaldirako erronken artean aipatzen ditu, besteak beste, funtsezko erremintatzat jotzen duen "bihar-etziko Euskal Diasporaren Legea", eta agintzen ditu "kanpoan dauden euskal hiritarrekin lotutako gaietan ahalegin guztiak", "gure arteko komunikazioa zuzenagoa, bizkorragoa eta errazagoa izateko, hartu-emanetarako bideak hobetu eta eskuragarriagoak bihurtzeko", "HAN-HEMEN dinamika garatzeko" eta "Migrazioen Interpretazio Zentro baterako oinarriak" ezarrita.

Diasporaren garrantzia azpimarratu ondoren "Euskadiren diplomazian, bai eta Euskadiren kanpo-, politika, ekonomia- eta kultura-jardueran ere, globalki eragiteko gaitasun propioa erdiesteari begira", "ezinbesteko"tzat jotzen du "Euskal Diaspora osatzen duzuen guztion ideia, gaitasun eta ilusioarekin ehundutako sarea". "Guztion artean ‘Euskadi Global’ berria diseinatu, antolatu eta bultzatu behar dugu" aldarrikatuz, besarkada estuena, gabon zoriontsuak eta urte berrirako desiorik onenak helaraziz.

- Pradales lehendakariaren 2024ko Gabon Mezua euskaraz
- Pradales lehendakariaren 2024ko Gabon Mezua gaztelaniaz
- Pradales lehendakariaren 2024ko Gabon Mezuas frantsesez
- Pradales lehendakariaren 2024ko Gabon Mezua ingelesez


GABON MEZUA OSORIK

Euskaditik kanpo zaudeten euskaldun estimatuak:

Honako hauxe da Gabonen eta urte amaieraren harira zabalduko dudan lehenengo mezua, eta zuetako guztiengana jotzen dut, ilusio osoz eta lerro hauen bidez adieraz dezakedan hurbiltasun handienarekin.

2024a urte trinkoa izan da Euskadirako, izan ere, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeek eta nik zuzentzen dudan Jaurlaritzaren antolaketa berriak hilabete hauek baldintzatu dituzte. Nire Herriarekin konprometituta nago; horregatik, ohore izugarria da Lehendakari hautatu izana eta Herria aurkitu baino askoz hobeto utzi zuen Iñigo Urkullu Renteriaren lekukoa jaso izana.

Era berean, iragan den apirilean José Antonio Ardanza Lehendakaria betiko joan zitzaigun; akatsik gabeko bidea urratu zuen herritarren zerbitzura. Euskal gizartearen hobe beharrari lotu zitzaion, uneoro egin zuen lan Euskadiren orainaren eta etorkizunaren alde, betiere autogobernuaren mesedetan. Herritarrekiko konpromiso hori bere ardura instituzional guztietan islatu zen; eta, ondoren, bere bizitza pribatuan ere bai, harik eta zendu zen arte. Agur eta ohore, Euskadiko Lehendakaria!

Horretaz gain, ezinbesteko euskaldun hau ere gogora ekarri nahiko nuke: Nestor Basterretxea. Iragan den 2024ko maiatzaren 6an, 100 urte bete ziren bere jaiotzatik (Bermeo, 1924 — Hondarribia, 2014). Gehien eragin duen gure artistetako bat da, polifazetikoenetako bat, berritzaileenetako bat. Hala sortzaile gisa nola pertsona gisa, Nestor Basterretxeak lotura estua izan zuen Ameriketako euskal erbestearekin eta Argentinako Euskal Diasporarekin.

Diasporako ospakizunei helduta, aurten ere Euskal Aste Nazionala izan da Argentinako euskal etxeen urteko hitzordu nagusia. 2024ko azaroaren 11tik 17ra ospatu da. Aurten, Bahía Blancako euskal etxeak, alegia, ehun urtetik gorako ibilbide oparoa duen Unión Vascak antolatu du Hego Amerikako euskal komunitateen ekitaldi luze, jendetsu eta garrantzitsuena (zehazki, Unión Vascak 125 urte bete ditu). 2025ean, berriz, Tandil hiriko Gure Etxea arduratuko da ekitaldi jendetsu hau antolatzeaz.

2025ean, era berean, Boiseko Jaialdiaz (Idaho, AEB) ere gozatu ahal izan dugu. Hiri hau gune garrantzitsua da Ameriketako Estatu Batuetako euskal emigrazioaren baitan, eta bertan antolatzen da euskal kulturari buruzko munduko ekitaldi handienetako bat. 2025aren amaieran, Jaialdia Boisera itzuliko da, pandemiaren ondorioz hamar urtez etenda egon ondoren (bost urterik behin ospatzen da). Espero zitekeen moduan, itzulera honek itxaropen handia piztu du, eta Eusko Jaurlaritza ere han izango da, Argentinako Tandil hiriko ekitaldian bezala.

2024. urte honetan, Eusko Jaurlaritzak —euskal emigranteek Australian sortutako ‘Euskal Australiar Alkartearekin’ eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan— sortu eta bultzatutako ‘Basques in Australia’ erakusketak Euskadiko bazterrak zeharkatzen jarraitu du, eta Pariseko Eskual Etxeraino iritsi da. 2025ean Townsville eta Sydney hirietako euskal etxeetaraino ailegatuko da, alegia, Australiaraino bertaraino.

Dagoeneko 2025. urtea eta legegintzaldi hau zerumugan dauzkagularik, besteak beste, oinarrizko eta funtsezko erreminta hau onartzeari ekingo diogu: bihar-etziko Euskal Diasporaren Legea. Ildo beretik, kanpoan dauden euskal hiritarrekin lotutako gaietan ahalegin guztiak egingo ditugu, gure arteko komunikazioa zuzenagoa, bizkorragoa eta errazagoa izateko, hartu-emanetarako bideak hobetu eta eskuragarriagoak bihurtzeko eta HAN-HEMEN dinamika garatzeko; zentzu horretan, Migrazioen Interpretazio Zentro baterako oinarriak ezarriko ditugu.

Batik bat, Euskal Diasporarekin dauzkagun loturak indartu, dinamizatu eta modernizatu nahi ditugu, elkarrekin Europan eta Munduan euskal interesak defendatze aldera. Izan ere, Diaspora ezinbesteko osagaia da Euskadiren diplomazian, bai eta Euskadiren kanpo-, politika, ekonomia- eta kultura-jardueran ere, globalki eragiteko gaitasun propioa erdiesteari begira.

Herriak behar dituen eraldaketa sozial guztiak aurrera eramatea da gure erronka, hurrengo belaunaldiei Euskadi hobea utz diezaiegun, alegia, kohesio sozial indartsuagoa eta autogobernu eta ongizate maila handiagoa dauzkan Herria.

Horretarako, XXI. mendean, ezinbestekoa da etxeko joko-zelaitik atera, mugak igaro eta kanpoan ere ‘Herria egitea’. Hain justu ere, Euskadirako nazioarteko estrategia garatzen urrats bat gehiago ematea da xedea. Eta planifikazio horren barruan, aurrean ditugun erronka global handiei heltzeko, ezinbestekoa da Euskal Diaspora osatzen duzuen guztion ideia, gaitasun eta ilusioarekin ehundutako sarea; arestian aipatu dudan bezala, jokoan ditugu hurrengo belaunaldien nortasuna eta ongizatea.

Guztion artean ‘Euskadi Global’ berria diseinatu, antolatu eta bultzatu behar dugu.

Ziur nago nazioarteko euskaldunak gure ondoan izango zaretela, Herri proiektu berri hau eraikitzerakoan. 2025. urteak erronka hau ipini digu aurrean; edozein kasutan, parean daukaguna erronka izateaz gain, baliatzen jakin behar dugun aukera ere bada.

Euskadiren Lehendakari modura, nire besarkadarik estuena helarazten dizuet, bai eta urte berrirako desiorik onenak ere.

Bihotz bihotzez, Gabon zoriontsuak igaro ditzazuela eta Urte berri on!

Imanol Pradales Gil



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia