Washington DC, Estatu Batuak. Imanol Pradales lehendakaria bidaia ofizialean dago Estatu Batuetan astelehenetik ostegunera, bi geltoki ezarrita Washington eta New York hirietan. Pradales astelehen arratsaldean iritsi zen Washingtonera eta gau berean bertan elkarretaratze batean hartu zuen parte hiriko University Club delakoan bertako euskal komunitateko partaideekin, ia guztiak profesionalk gazteak, euskal enpresetan ari direnak. Bidaia osoan legez, Lehendakariarekin Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Gloibalaren idazkari nagusi Ander Caballero, eta Euskadiren AEBko eta Kanadako ordezkari Unai Telleria egon ziren.
Imanol Pradalesen harrera-ekitaldia Washingtongo euskal komunitateko kideei
Astearte goizean, bidaia osoko alde politikoena landu zuen Pradalesek Kapitoliora egin zuen bisitan. Bertan Joaquín Castro eta John Garamendi kongresukide demokratekin eta James E. Rish senatari errepublikoarekin bildu zen hurrenez hurren. Ondoren, John Garamendi euskalamerikarra lagun, Kapitolioko berdeguneetara joan zen, bertan 2016an Garamendik berak eta orduko lehendakari Urkulluk landatutako Gernikako Arbolaren kimua bisitatu eta haren aurrean adierazpenak egitera.
Bilkura politikoak Kapitolioan eta bisita John Garamendirekin Gernikako Arbolaren kimuari
Bilera BTI Basque Trade & Investment-ekin eta AEBn diharduten euskal enpresekin
Pradales lehendakaria partaide izan zen baita ere George Washington Unibertsitateko School of Media and Public Affairs-ek antolatutako think tank batean eta bertan sendo mintzatu zen zubigintzaren balioez eta AEBn eta Euskadiren arteko lankidetzaren alde, nabarmenduz joera antidemokratikoen gorakada eta egungo testuinguruan balio demokratikoak indartzeko beharra. Bere esanetan, demokraziaren aurkako mehatxuak, kasu askotan, sistemaren beraren barrutik datoz, gizartearen ondoeza, politikarekiko desafekzioa, eta komunikazio- eta informazio-sistemen eraldaketa baliatuz. "Olatu autoritarioek ukatu egiten dute desberdina, eta munduaz duten ikuspegia inposatzen dute, oinarri demokratikoak higatzen dituzten irtenbide sinplistak aurkeztuz", adierazi zuen.
Lehendakaria tinko solastu zen proiektu europarra indartzeaz eta argi ikusiz Trumpen politikek erakusten dutela Etxe Zuria ez dela baldintzarik gabeko aliatua Europarentzat. "Multilateralismoaren ahultzea, munduaren itxiera eta potentzia batzuen irrika inperialistak agerian daude. Europak Europa izaten jarraitu behar du", aldarrikatu zuen. Arreta berezia jarri zuen komunikabideen eta informazioaren aldaketek espazio publikoaren eraikuntzan duten eraginean. "XVIII. mendetik aurrera, sistema demokratikoek bilakaera izan dute komunikabideen eskutik. Hedabideek iritzi publiko informatua eta parte-hartzailea ahalbidetu dute eta". Hala ere, audientzien zatiketa, mezuen pertsonalizazioa eta algoritmoen manipulazioa ekosistema informatiboa aldatzen ari direla adierazi zuen, demokraziarentzat aurrekaririk gabeko erronkak sortuz. Pradalesek, demokraziarekin eta humanismoarekin duen konpromisoa, eta elkarrizketa eta lankidetza defendatu zituen.
Honela laburbiltzen ditu Lehendakariak elkarretaratze eta unibertsitate-foroan esandakoak
New Yorken
Washingtonetik New Yorkera. Asteazkena, New Yorken hasi zuen espedizioak, bisita eginez 8:30etan Euskadiren AEB eta Kanadarako Ordezkaritzara, Manhattanen. Ondoren, 12etan, bilera Solomon R.Guggenheim Fundazioko arduradunekin, lagun zituela Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, baita Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua; Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao museoaren egungo zuzendaria, eta ondoko zuzendari Miren Arzalluz; eta Jon Azua Solomon R. Guggenheim Foundationen Patronatuan euskal erakundeen ordezkaria.
Bisita Guggenhein Museoan Salomon R. Guggenheim Fundazioko arduradunekin
Fundazioa bisitatzeaz gain, bilera egin zuten Museoaren eta New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Fundazioaren egungo kontseilari delegatu Mariët Westermannekin. Lehendakariak bere hitzaldian gogora ekarri zuen duela hiru hamarkada egindako apustua, garai zail batean, Museoa Bilbon bultzatzeko. Gaur egun munduan bisita gehien jasotzen dituen Guggenheim Museoa da Bilbokoa. Apustu horrek, hain justu, ezin hobeto irudikatzen du, esan zuen, Jaurlaritzaren Euskadi Globala estrategia: kulturaren aldeko apustua, nazioarteko proiekzioaren funtsezko faktore gisa, eta gaur egun arriskuan dauden akordio transatlantikoen garrantzia. Pradalesek azpimarratu zuenez “munduari begiratzeko modu horri jarraipena eman behar diogu, euskal lurrean finkatuta baitaude gure sustrai sakonen gainean. Oparotasuna eta ongizatea ekarri diguna sakondu behar dugu. Proiektuen bideragarritasuna kontuan hartuta egin behar dugu, hitzaren zentzurik zabalenean: bideragarritasun sozialaz, kulturalaz, ekonomikoaz eta ingurumenekoaz ari naiz. Horretan jarriko ditugu ahalegin guztiak ".
Ilundua zela New Yorken, Euskadin ostegun goizaldea sartua dela, Pradales lehendakariak bisita eta harrera ekitaldi bat egin behar du Brooklynen, New Yorkeko Eusko Etxean, hiriko euskal komunitatearekin, 1913an sortua izanik AEBko euskal etxe dekanoa den Euzko Etxea of New York-en. Bihar osteguna, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Eider Mendoza ere bertan, bisita egingo du IBM Thomas J. Watson Research Center-era NY estatuan, IBMrekin duen aliantzaren esparruan, ez baita ahaztu behar aurten Donostian inauguratuko dela IBM Quantum System Two, System One-ren bertsio hobetu, eguneratu eta eskalagarria, Estatu Batuetako erraldoi teknologikoaren azken superordenagailu kuantikoa, Euskadi munduko 'hub' kuantiko nagusienetako bat bezala koka lezakeena.