euskal diaspora eta kultura
2010/03/30
PUBLIZITATEA
Chino, Estatu Batuak. Joan den asteko ostiralean, martxoaren 26an, Los Angeles ondoko Chinon, eta asteburuan San Frantziskon aritu da bikote lapurtarra. Peio eta Pantxoa, euskal kantagintzan izen handietarik den bikotea Estatu Batuetan, Kalifornian barrena ibili da joan den astean, bi kontzertu eskainiz aspalditik bertako euskaldunek eginik zeukaten eskariari azkenean baiezko arrapostua emanez. Bidaiak, gainera, ez du inor zapuztu, espero zitekeen arrakasta edo handiagoa lortu baitute kantariek eta heien kantu ezagunenek, kaliforniarra eta aldi berean 'etxekoa' duten publikoaren aurrean kantari.
[Chinoko emanaldira bildutako jendeak ezohiko isiltasunean segitu zuen emanaldia, beste une batzuetan txaloka, eta une batzuetan baita kantuak kantariekin batera kantatuz ere, horretarako orriak banatu baitziren abestien hitzekin (argazkia Jenny Zinbel)]
Chinoko emanaldia partikularzki polita izan zen, bertako euskal komunitateko 140 bat pertsona bildu baitzituen euskal etxearen egoitzan, euskal komunitateko kideek berek zerbitzatutako afaria dastatu ondoren. Polita eta berezia diogu, azken boladan berri hits eta tristeak suertatu baitira Chinon --denbora gutxiren buruan hiru heriotz euskal komunitatean-- eta ekitaldi honek, bere kantu alai eta tristeekin, pixkat normaltasunera ekarri eta bildu baititu euskaldun chinotarrak. [Marceline Indaburu bankarra, Donoztiriko arrazako Beñat Minaberry eta Pilartxo Echeverria baztandarra dira zendu direnak. Pilartxo (Mendiburu) Echeverria, gainera, --zinez tupustean hil zena--, Chinon Peio eta Pantxoarekin kantatu zuen Noka taldeko Begoña Echeverriaren ama zen. Guztiei, bereziki Pilartxoren senarrari, eta seme-alaba Manuela, Begoña, Candida eta Carlosi besarkada handi eta bero bat]
[Euskal Etxea jendez bete zen, bertako hogei bat bolondres afaria egin eta zerbitzatzen. Emanaldiak ordubete eta laurden-edo iraun zuen eta ageri-ageri geratu zen Peio eta Pantxoak fan eta zale andana bat daukatela hemengo euskal komunitateetan (argazkia Jenny Zinbel)]
Bizitza bezala, kantu tristeak eta kantu alaiak lagun egin dute Kaliforniako bidaia Peio eta Pantxoak. Chinon, bertako Noka taldeko Andrea Bidart, Nancy Petrissans eta Begoña Echeverriarekin batera eskaini zuten kantarik. Aurkezle, ohi bezala, John Ysursa, eta anfitrioi, Chinoko Euskal Etxeko lehendakari berri den Isidor Camou. Luzaideko arrazako John Barcelona euskaldun kaliforniarrak sei urtez lehendakari kargua bete ondoren, hemengo euskal komunitatean pertsona eta familia arras ezaguna dira president berria, Isidor Camou, bere emazte Marie Claire, eta seme-alaba Francois, Alain, Patrick, Dominique and Louise. Aurten, azkenean, onartu du urtetan Isidorrek galdegin izan diotena eta Chinoko Euskal Etxeko lehendakari berri bilakatu da.
[Emanaldia gauza ona izan zen azken asteotan bertako hiru kideren heriotza jasan duen Chinoko euskal komunitatearentzat. Giroa ezinhobea izan zen eta askok 'gozatu ederra' hartu zutela, 'euskaldun bazka' polita izan zela, 'barne-barnea eragin' ziola eta inoizko 'kontzerturik onena' bezalako esaldia bota zituzten. Irudian, Nokako kideak eta Echeverria familiakoak txaloka eta atseginez segitzen Peio eta Pantxoaren esanak (argazkia Jenny Zinbel)]
Kaliforniako bidaian, Mixel Ducaurekin gitarran eta Iñaki Dieguez soinujole aritu dira Pantxoa eta Peio. Kaliforniako euskaldunek xanza emanik, bisitatu dituzte baita ere Yosemite, Carmel, Los Angeles, Monterrey eta San Frantziskoko aldeak, anfitrioi ezin hobeak diren euskaldunek gidaturik. Ez dute erraz ahantziko ez kantari eta musikariek, ezta euskaldun kaliforniarrek bukatu berria den bisita.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus