euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pozez eta ilusioz gainezka elkartu ziren ume eta helduak joan den larunbatean Llavallolen FEVAren 23. Ume topaketan

2022/11/09

FEVAren 23. Umeen Topaketako partaideak ikurrinaren puzzlea osatzen
FEVAren 23. Umeen Topaketako partaideak ikurrinaren puzzlea osatzen

PUBLIZITATEA

Llavallol, Argentina. 12 urte arteko 350 haur, Argentina osoko euskal etxeetakoak eta Euskal Echea ikastetxekoak, elkartu ziren joan den larunbatean Llavallolen FEVAK antolatutako 23. Ume Topaketan. Askok ehunka kilometro egin behar izan zituzten egun bakar batean, jolasteko, dantzatzeko eta euren pareko umeekin aritzeko, goizetik arratsaldera. Umeekin batera, jardunaldiak 150 heldu eta neraberen ezinbesteko laguntza bildu zuen koordinatzaile, begirale, laguntzaile eta baita sukaldari lanetan ere.

Goiza jolasean pasa zuten. Pilota pasa, poltsaraketa, puzzle erraldoiak, txingak, sokatira, oztopo lasterketa eta beste jolas eta joko askotan neurtu edo landu zituzten abileziak. Eguerdian Korrikaren txanda iritsi zen. FEVAtik Gabriela Mendial azaldurik, “Topaketa bakoitzerako jarduera bat planifikatzen da, ordezkaritza guztiek aldez aurretik prestatutako zerbaitekin batera parte hartu ahal izateko. Honakoan, 15 postako Korrika izan zen, 7 probintzia eta 7 hiriburuetatik igaro eta Argentinara iritsi zen ibilbidea".

Arratsaldean, euskal dantza izan zen nagusi. Umeek Sorgindantza, Orpo punta, Ipurdidantza, Kaskarot, Jorraidantza, Zapia eta Alelum, Sorgin dantza eta Borobila dantzatu zituzten. Topaketari amaiera emateko, bertaratutako ume, nerabe eta helduak bildu zituen ohiko 'Gora behera' aerobik koreografia egin zuten.

Eguneko balantzeaz galdetuta, “Espero genuena aise bete genuen", erantzun du ekitaldiko partaide izan zen Arantxa Anitua FEVAko lehendakariak. "Zalantza asko izan genituen, bi urtez elkartu gabe eta gero zer gerta zitekeen, batez ere umeen kasuan, umeak izan baitziren presentzialtasun faltak gehien eragin eta kaltetu zituenak eta beldur gien uzkur geratuko ote ziren. Baina zenbat talde etorri ziren ikusita, eta zein gogotsu, egiari zor, oso pozik gaude”, esan dio EuskalKultura.eus-i.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia