Chascomús, Argentina. Gabonetako eta Urte Berriko ospakizunen hurbiltasunak jai giro berezia eragiten du nonahi egunotan. Abenduaren hasieran Euskararen Egunak jende asko biltzen du euskal etxeetara ospatzera. Baina, era berean, hego konoan. abenduan eten egiten dira jarduerak oro, udako oporrei hasiera emanez eta (hemen urte naturalarekin bat doan) ikasturtea ahitu eta itxiera erakustaldiak egiten dira. Lehenengo euskal etxeetako bat (lehena?) hori guztia festa berean ospatzen, dantza, musika eta alaitasun handiz, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak izan da, azaroaren 23an, kalea bereganatuz, Euskal Etxearen egoitzaren aurrean.
Adin guztietako dantzariek dantza ikuskizuna eskaini zuten Euskal Etxearen egoitzaren aurrean
Etxeko Eusko Hazia taldearen euskal dantza emanaldia eskaini zuten, ohi dutenez Franklin kalean zehar, Euskal Etxearen aurrean. Julieta Laborde zuzendari, laguntzaile ditu Cata Martinez, Agustina Tristan eta Camila Humaran (azken hau, emanaldia egin eta berehala Euskal Herrira abiatu zena, Gaztemundu Programan parte hartzeko). Dantzari talde guztiek egin zuten euren ekarria, haur txikienek zein Fandango eta Arin Arinarekin ausartu ziren dantzari ohiek. Agurra nagusien taldeko Elo Costanciok dantzatu zuen. Neska gazteek Ezpatadantza eta Akelarre aurkeztu zituzten, mutilek, berriz, San Migel eta Polka. Nagusiek Plazara-rekin omendu zuten euskara, eta Arku Dantza ere egin zuten. Haurrek txalo zaparrada handia jaso zuten Bugi bugi, Ipurdi dantza, Zapia behera, Txulalai, Zazpi jauzi, Epo itai taie eta Gora behera dantzatzean.
Alkate berria Chascomusen
La Platako euskal abesbatza lagun, Mabel Dagorret-ek alkate makila jaso zuen, orain arteko alkate Susana Gramajok emana
Festan txalapartaren, txistuen eta La Platako Euzko Etxeko Abesbatzaren ahotsen babesa izan zuen, koraleko zuzendari Monica Dagorret, alkate berriaren iloba. Merezimendu handiz eman zioten ohorezko titulu hau Mabel-i, eta ilusioz jaso zuen Zuzendaritza Batzordeko kide ohiak, ibilbide luze bati egiten zaion aitorpen eta esker inaren adierazle baita. Izan ere, EEko kolaboratzaile nekaezina denak, hunkituta jaso zuen. Eta, nola ez, emanaldia bukatutakoan afari gozo bat partekatu zuten bildutako denek.
Hala ere, ez pentsa, oraindik falta da azken txanpa urtea amaitzeko eta, urtero bezala, neska-mutilak zain daude, datorren asteko Olentzeroren bisitari, Chascomuseko kaleetan barrena ikusteko irrikitan.