euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Posadasko Euskal Jatorri Euskal Etxeak bere aldizkariaren zenbaki berria bertsio digitalean kaleratu du

2013/04/25

Posadaseko Euskal Jatorri Euskal Etxearen aldizkariaren 23. zenbakiko azala
Posadaseko Euskal Jatorri Euskal Etxearen aldizkariaren 23. zenbakiko azala

PUBLIZITATEA

Misiones probintzia argentinarreko Posadas hiriburuko Euskal Jatorri Euskal Etxeak bere buletinaren 23. zenbakia plazaratu du berri du. Aldizkaria bi formatutan eskura daiteke oraingoan, paperezko edizioan eta formato digitalean. Hala ere, eta bidaltzeko kostuak ekidite aldera, sareko bertsioa bultzatu nahi dute euskal etxekoek. Apirileko ale honetarako hautatutako gai nagusia Leitza da eta azaleko argazkiak eta artikulu nagusiak Nafarroako herria dute protagonista. Euskal etxean berehala burutuko diren ekintzak ere iragartzen ditu buletinak, horien artean, Ohiko Biltzar Orokorra (gaur), Euskara klaseak eta Zine Zikloa.

Posadas, Argentina. Arazo ekonomikoak gaindituta, kalean da berriro Euskal Jatorri-ren bi hilabetekaria. Gogora dezagun buletinaren banaketa doakoa izan dela orain artean –eta hala jarraitzen du– eta elkarteko bazkide eta lagunei, FEVAra eta euskal etxeetara ez ezik, Posadas hiriko erakunde askotara ere helarazten zaiela, tartean  ‘Agenda 21’ proiektu ekologikoa garatzen duen 356. zenbakiko Eskolako kideei.

Euskal Jatorrik bertsio digitalean ikusten du geroa. Apirileko alea, aldizkariaren 23. zenbakia alegia, bi formatoetan plazaratzeko erabakia hartu zuen. “Oso garestia egiten zaigu paperezko bertsioa egin eta igortzea. Azken zenbaki hau argitaratu ahal izateko, publizitatetik lortutako dirua ez zen nahikoa izan. Hori dela eta interneten eskura daiteken bertsioa bultzatzea erabaki genuen. Merkeagoa da eta gainera jende askorengana iristen da”, azaldu dio EuskalKultura.com-i euskal etxeko lehendakari Marta Sarasolak.

Aldizkariaren 23. zenbakiari dagokionez (hemen eskura daiteke) mota askotako artikuluez dator. Nagusia Leitza herriari buruzkoa da, Nekane Alcoz Arregui etxeko bazkideak idatzia. Horrez gain, Iñigo Urkullu lehendakari berriak Euskal Diasporari zuzendutako lehenengo agur-gutuna, Euskal Herriari buruz Cesar Arrondoren idatzitako bat eta beste zenbait irakurgai dakartza buletinak.

Euskal Jatorri-ren izen bereko argitalpe elektronikoa zeurean jasotzeko cvmisiones@gmail.com helbidera idatzi baino ez duzu. Aldi berean, erakundetik jakinarazi digute edizio berriak ateratzen joan ahala euren Facebook-eko kontuan (Centro Vasco Misiones) ere islatuko dituztela.

Biltzar Nagusia (gaur), euskara eta zinema

Euskal etxean egunero gauzatzen diren ekintzak iragarri eta zabaltzeko oso baliabide ona da aldizkaria, zalantzarik gabe. Eta zenbakian zenbait aktibitate iragartzen dira, hala nola:

Apirilaren 25ean -gaur bertan alegia- Ohiko Biltzar Orokorra egingo da Posadasko euskal instituzioan arratsaldeko 7etan. Bileran 2012ko balantze eta memoria irakurriko dira eta agintari berriak hautatuko.

Bestetik, euskara klaseetan parte hartzera gonbidatzen dute Euskal Jatorri-tik. Elkarretaratzeak astean behin izaten dira eta hizkuntzaz gain, musika eta kulturari buruzko artikuluak lantzen dira.

Azkenik, eta urtero bezala, ziklo zine bat eskainiko dio euskal etxeak komunitateari. Hitzordua Posadasko Herriko Liburutegian izango da, ekaineko astelehenetan, iluntzeko 8:30etan. 2013ko ziklo honetan, Carlos Gabilondo zine adituaren hitzaldi bat ere sartuko da programan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia