euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Posadaseko Euskal Jatorri Euskal Etxeak Olentzeroren iristera antzeztu du lehen aldiz bere urte amaierako jaian

2016/12/22

Posadasko Euskal Jatorri Euskal Etxera etorri da Olentzero
Posadasko Euskal Jatorri Euskal Etxera etorri da Olentzero

PUBLIZITATEA

Mugimendu handiko urtea izan du 2016a Misiones probintziako Euskal Jatorri Euskal Etxeak eta bide horri eutsiz ‘Euskal Gabonak’ deitu duten ekitaldia antolatu du urteari azken agur emateko. Jaiaren baitan, Olentzeroren bisita antzeztu zuten aurreneko aldiz Posadaseko Etxeko kideek, eta dantzari helduek ere euren debuta egin zuten, ondoren lagun arteko afaria partekatzeko.

Posadas, Argentina. Joan den larunbatean, abenduaren 17an ospatu zuen Posadasko Euskal Jatorri Euskal Etxeak urte amaierako jaia. Topaketa, Club de Leones izeneko klubaren instalazioetan egin zen, afariko menua pintxoak, enpanadak eta azpikia zela. Nobedadeak ere proposatu zizkieten euskal instituzioko lagunek gonbidatuei: Olentzeroren ailegatzea antzeztu zuten. ‘Euskal Gabonak’ izenpean: kriseiluak eskuetan txiki eta helduek prozesio bat osatu zuten eta Olentzeroren abesti tradizionala kantatu.

Jaiaren baitan, Euskal Etxean urtean zehar garatu den Txikientzako Tailerreko neska-mutikoek gaua alaitu zuten jendaurreko euren jolas eta dantzekin. Tailerreko arduradun Mariangeles Roscianik urteko partaidetza agiriak eskuratu zizkien umeei. Eta bestetikk, aurten sortutako dantzari helduen taldeak ere izan zuen bere momentua ekitaldian. Eurak ‘Kaskarot’, ‘Zazpi Jauzi’, ‘Fandango’ eta ‘Arin Arin’ dantzatu zituzten.

2017ari begira

Urte berrian sartzeko egun gutxi falta direla, 2017rako zenbait helburu finkatu dituzte dagoeneko posadastarrek, batzuk egun gutxi barru egiteko; beste batzuk, epe luzeagorako asmoak dira. Hasteko, EEko gaztetxo batzuk urtarrilaren 3tik 7ra Chascomuseko Udalekuan hartuko dute parte, euren elkartearen ordezkari. Euskal agendarekin jarraituz, etxeko dantzariek Cañuelasko Aberri Eguneko Dantzarien Topaketara bidaiatzeko asmoa dute apirilaren 8-9an. “Zuzendari Batzordea ere berritu behar dugu eta hori ere lehentasun dugu; martxoan edo apirilean izango da batzarra”, jakinarazi diote EuskalKultura.com-i Euskal Jatorritik.

Ekintza berezi hauetaz gain, bere betiko egitarauarekin jarraituko du erakundeak, tartean txiki eta helduentzako dantza tailerrekin, zine zikloarekin eta sukaldaritza topaketekin. Zorionak eta aurrera, Euskal Jatorri!


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia