euskal diaspora eta kultura
2013/04/29
PUBLIZITATEA
Poznan, Polonia. Poznango euskara eta euskal kultura lektoretzak iragan astean egin zuen euskal jaiak egitarau zabala izan zuen: euskal gaiei buruzko hitzaldiak, dantza tailerrak, argazki lehiaketa eta erakusketak, pelikulak, janari eta ardo dastaketak, antzezlanak, ipuin kontaketak... Jarduerak erantzun ona izan zuen eta ekitaldietara lagun asko hurbildu ziren, azaldu digu Amaia Dones-ek.
Irakurletzak hiriko zenbait kultur gune eta aretoen babesa bereganatu zuen eta horien bitartez ekitaldiak poznandarrei zabaldu ziren. "Aurtengo edizioan nabarmentzekoa izan da Malta zine aretoarekin batera antolatutako Kimuak filmeen emanaldia zein Meskalina kultur gune eta tabernarekin mantendutako hartu-eman estua (argazki erakusketa, ikasleen hitzaldiak, kontzertua han egin dira)", azaldu du Euskara eta Euskal Kultura irakurleak.
[Ikasleek eta zenbait adituk euskal kulturari buruzko hitzaldiak eman zituzten (argazkia ADones)]
Ekitaldi deigarrienetako bat, zalantzarik gabe, polonieraz egin zen bertso saioa izan zen, LuxSfera Fundazioak koordinatutakoa. "Euskal bertsolaritza zertan datzan irakasteaz gain, polonieraz kreatibitate mota hau praktikan jartzeko ahalegin handia egin dute, eta emaitza ezinhobea izan da. Bertsoak euskal ipuinen kontaketarekin tartekatu zituzten, eta horrela giro magikoa sortu zen", azaldu du Donesek.
[Ikusleentzako ez ezik, taulagainean ziren 'bertsolari' poloniarrentzat ere esperientzia aparta izan zen bertsotan jardute hau (argazkia ADones)]
Beste ekitaldi batzuk ere bereziak izan ziren, hala nola Bal Folk Poznan elkarte poloniarrak antolatu zuen euskal dantza ikastaroa, poloniarrak fandango eta arin-arinaren erritmoan dantzan jarri zituena.
[Euskal dantza ikastaroa, irakasleak Bal Folk talde poloniarreko kideak (argazkia Alicja Zasadowska)]
["Txoria txori" kantatzen, atzean letra euskaraz eta polonieraz ageri dela (argazkia ADones)]
Euskal asteari amaiera emanez, Pika Pika tabernan euskal ardo eta jaki dastaketa egin zen. Aurtengoan, Euskal Herritik etorritako gonbidaturik ez zegoenez, Weronika Nowakek, Andrzej Barczek eta Przemek Urbaniakek kontzertua prestatu zuten euskal kantekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus