San Nicolas, Argentina. Bost urte baino gehiago pasa ditu Javier Barriok, Vasco Viejo dokumentalaren egileak, materiala bilatzen, biltzen eta filmatzen. Orain lana prest dago publikoari erakutsi ahal izateko, eta nahiz eta egilearen ustez, “dokumentala Gernikako Arbolaren kimuei buruzko ikus-entzunezko artxiboa” izan, bere ustez “kolektibitatearen barruan hausnarketak sortzeko eta eztabaidatzeko” ere balioko du.
Izan ere euskal etxe baten baitan iragarri da estreinaldia, datorren maiatzaren 29an, San Nicolaseko Euzkal Etxea-n hain zuzen. “Buenos Aires probintziako herri batzuetan grabatu dugu eta gure asmoa da herri horietara bueltatzea, pelikula bukatuta, aurkeztera. Hala ere beste emanaldi bat emango dugu, seguru asko ekainean, Buenos Aires hiriburuan”, jakinarazi dio Barriok EuskalKultura.com-i.
Dokumentala egiteko arrazoiak
Zuzendariak azaldu du Azul, Chascomus, San Nicolas, Ramallo eta Buenos Aires probintziako Guernican izan zela. Leku hauetaz gain, zati berezi bat eskaini dio Laurak Bat euskal etxean dagoen kimuari; eta beste irudi batzuk Euskal Herrian, Gernikako Juntetxean, izan ziren hartuak. Bidaia nola hasi zen galdetu diogunean, 2009. urtean, eta bere aitarekin lotura zuzena izanik hasi zela erantzun digu zuzendariak:
“Interes handi batek bultzatuta, 2009an landatu zuen nire aita Carlos Barriok Gernikako Arbolaren kimu bat bere etxean, Buenos Aires probintziako Gral. Pachecoko. Hori dela eta ezagutu nuen nik Buenos Aires probintzian kimuak landatzeko zegoen tradizioa eta horrek animatu ninduen euskal etxeak bisitatzen hastera. Zergatik egiten zuten ulertu nahi nuen, zeintzuk ziren euren arrazoiak”.
Identitatea eta nazionalitatea
Baina Argentinan dauden haritz “sakratuaren” kimuak ez da dokumentalak proposatzen duen gai bakarra. Euskaldunen nortasunaren ikurra den zuhaitzarekin batera, identitatearen eta nazionalitatearen gaiak ere mahaigaineratzen ditu filmak. “Aita Bilbon jaio zen baina bi hilabeterekin Argentinara ekarri zuten. Bere amaren familia aldetik, gainera, jatorri alemaniarra zuen, eta uko egiten zioten euskal nortasunari. Ezaugarri horietako familia batean hazi zen aita eta inguru horretan, eta Argentinan berrogeita hamar urte bizi eta gero, bere identitatean sakonduz, lotu zituen euskal nortasuna eta haritza. Horregatik esaten dut nik dokumentalean nazionalitatea aztertzen dela ikuspuntu afektibo eta aldi berean ikuspuntu gatazkati batetik ere bai”.
“Honekin lotuta, gertatu zitzaizkidan bi gauza bitxi kontatuko dizkitut", esan digu zuzendari gazteak. "Alde batetik, nire osaba txiki batek email batzuk bidali zizkidan Euskal Herritik, esateko Buenos Aires probintzian haritzak landatzeak, ‘Buenos Aires probintziaren independentziaren aldeko ekintzak izango zirela, seguru asko’. Beste alde batetik, Chascomuseko euskal etxean ez zuten dokumentala proiektatu nahi izan, haien ustez ‘espainolista’ zelako. Nire ustez, berriz, dokumentalak galderak egiten ditu; eta nazionalismoaren kontzepzio heterogeneo eta dinamikoa proposatzen du”.
Testigantzak
Vasco Viejo dokumentalak ordubete irauten du, eta zenbait euskal etxetako ordezkarien testigantzak biltzen ditu, tartean, Azulgo euskal etxeko Silvia Iceta eta Alicia Nelida Barberia; Chascomuseko Pedro Mauregui Larranda eta Jorge Etchepare; San Nicolaseko Damian Cebey, Javier Tisera eta Sebastian Hustu; Buenos Aireseko Laurak Bat-eko Veronica Garcia eta Celina Bustos; eta Buenos Aires probintziako Guernica herriko Juan Ardohain, Rolando Iturria eta Ángel Linconao lagunenak. Haritzak landatzeko egin ziren zeremonien eta Argentinako euskal jaien irudiak ere batzen ditu pelikulak. Ikusi trailerra hemen.
Javier Barrio Buenos Airesen jaio zen, 1981. urtean, eta Soziologia lizentziaduna, musikaria eta ikuste artista da. Barriori buruzko informazio gehiago, http://javierbarrio.com.ar.