euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Poesia txekiarra euskaraz entzun da Madrilen, Complutenseko “Penintsula Iberiarreko hizkuntza aniztasuna” Jardunaldian

2014/12/10

Errepublika Txekiarreko enbaxadako kultura eta hezkuntza agregatu Jana Dusková ekitaldian hizlari izan zen (argazkia Karlos Cid Abasolo)
Errepublika Txekiarreko enbaxadako kultura eta hezkuntza agregatu Jana Dusková ekitaldian hizlari izan zen (argazkia Karlos Cid Abasolo)

PUBLIZITATEA

Madrilgo Universidad Complutenseko Filologia Fakultateko Euskara Sailak antolaturik eta Etxepare Euskal Institutuak sustaturik, “Penintsula Iberiarreko hizkuntza aniztasuna” jardunaldiek bat egin zuten abenduaren 4an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzearekin. Aurtengo edizioan poesia txekiarra izan da gonbidatua, eta hainbat olerki irakurri ziren Penintsula Iberiarreko hizkuntzetan

Madril, Espainia. Euskarari dagokionez, Arantzazu Fernández Iglesias UNEDeko euskara irakasleak eta Sandra Salas Martín eta Maitane Morcillo UCMko euskara ikasleek poema bana errezitatu zuten. Karlos Cid Abasolo UCMko euskara irakasleak EuskalKultura.com-i agertu dionez, bereziki aipagarria da Sanda Salasen partaidetza: bi hilabete eskas daramatza euskara ikasten, zerotik hasita, eta, hala ere, ezin hobeto irakurri zuen Miroslav Holub poetaren “Atea” poema, euskara dotore ahoskatuz.

Jende ugari lotu zitzaion ekitaldiari poema bana irakurtzeko: UCM eta UNEDeko irakasle eta ikasleak, poetak (hala nola Manuel Pereira galiziarra), eta Errepublika Txekiarreko enbaxadako kultura eta hezkuntza agregatu Jana Dusková.

Ekitaldiek lehen mailako euskalari txekiar bat omendu zuten: Bohumil Zavadil, Pragako Unibertsitateko katedraduna, jada erretiroa hartuta dagoena. Zavadilek bere kasa euskara ikasi eta urte askoan irakatsi zuen Pragako Unibertsitatean. Bestalde, euskarari buruz hainbat liburu idatzi ditu.

Ekitaldian poema bat irakurriz parte hartu zutenen artean Joaquín Garrido Medina ere ongi nabarmendu daiteke: Complutenseko Kazetaritza Fakultateko katedradun, Universidad Internacional Menéndez Pelayoko erretoreorde eta euskaraz mintzatzen ederki ikasitakoa.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia