euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Poesia euskaraz Bruselako metroan eta Miren Agur Meabe euskal olerkaria partaide bihar hiriko Transpoesie jaialdian

2020/09/29

Miren Agur Meabek asteazken honetan hartuko du parte Bruselako Transpoesien. Bere poesia hiriko metroko hormetan irakur daiteke
Miren Agur Meabek asteazken honetan hartuko du parte Bruselako Transpoesien. Bere poesia hiriko metroko hormetan irakur daiteke

PUBLIZITATEA

Brusela, Belgika. Miren Agur Meaberen 'Hirian ibiltzeko jarraibideak' poema, beste zenbait poeta europarren lan hautuekin batera, Bruselako garraio publikoaren barneko hormetan dago irakurgai, bertsio originalean eta frantsesera eta nederlanderara itzulita. Olerkari lekeitiarrak Zoom bidezko poesia irakurraldi batean hartuko du bihar parte. 2020an ohikoa bilakatu denez, jaialdi honetan ere ekintza guztiek online aukera eskainiko dute; nahiz eta batzuk zuzenean ere emango diren. Egoera horrek eraginda, eta umorea batere galdu gabe, aurtengo edizioari Let’s go vir(tu)al! izena jarri diote.

Transpoesie poesia jaialdia bere hamargarren ediziora iritsi da aurten. Hizkuntzen Europako Egunaren (irailak 26) inguruan antolatu ohi den elgarretaratze honetan Europa osoko idazleen lanak erakusten dira euren jatorrizko hizkuntzetan. EUNIC erakundea (European Union National Institutes for Culture, edo Europar Batasuneko Kultur Institutu Nazionalak) antolatzaile, eta euskara eta euskal kultura ere parte du, Etxepare Euskal Institutuaren bidez.

Transcendental Journeys (bidaia traszendentalak) deituko da bihar asteazkena 20:00etan Zoom bidez egingo den web-mintegi (webinar) formatuko poesia irakurraldia. Bruselako Maison du Livre espazioaren laguntzaz antolatutako ekintza hau Transpoesieren sare sozialen profilen bidez (Facebook eta Instagram) eskainiko da, arratsaldeko 20:00etan, eta zuzenean jarraitu ahal izango da pantaila batez Bruselako Institutuo Hungarriarrareb egoitzan, neurriak errespetatuz, bistan da.

Miren Agur Meaberekin batera arituko dira Jaromír Typlt (Txekia), Adrian Perera (Finlandia), Lia Sturua (Georgia), Stephen Sexton i(Ipar-Irlanda) eta Josep Pedrals (Katalunia). Poeta bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzan irakurriko ditu lanak, eta ingeleserako bat-bateko itzulpena egongo da eskuragarri. Zanbian jaio eta Belgikan kokatuta dagoen Kriticos Mwansa idazle eta musikariak izango du egitasmoa bideratzeko ardura.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia