Brampton, Ingalaterra. Larunbat honetan, ekainaren 17an, Erresuma Batuan datorren aste osoan egingo duten Errefuxiatuen Astea testuinguru hartuta, Basque Children of 37 Elkarteak oroitzapen plaka bat aurkeztuko du Brampton herriari, bertako jendeei, esker onez eskainia. Ekitaldiko protagonista, Elkartearen izenean, gerrako ume haietako bat izango da, Carmen, egun 94 urte dituena, eta 1938ko apirilean Bramptongo aterpetxe hartan abegikor hartu zutena.
Gogora dezagun 1937ko maiatzean, SS Habana ontzia Southamptonera iritsi zela Espainiako Gerra Zibiletik ihesi zetozen 4.000 euskal haurrekin, bertatik Erresuma Batu osoko familietara banatuak izatearren. Hori gertatu arte, alabaina, haurrak harrera-zentroetara bidali ohi zituzten eta, izan ere, aterpetxe horietako bat zen Bramptongoa, hasiera batean 100 bat haurren zaintzaren ardura hartu zuena.
Carmen Eckersley, 94 urte
Haur haietakoak ziren Bilboko Cid-Santibañez hiru anaia-arrebak: 11 urteko Edurne, 9 urteko Luis eta 7 urteko Carmen. Gero, Edurnek eta Luisek Glasgow-en aurkitu zuten familia ordea, eta Carmen, Carlisle-ko Alford familiak aterpetu zuen. Geroago, Cid-Santibañeztarrak Ingalaterran belbildu ziren, Francisco eta Frutosa gurasoak iritsita. Familiak, azkenik, Erresuma Batuan geratzea erabaki zuen. Euren artean, egun bizirik dirauen bakarra Carmen da, 94 urterekin, eta bera izango da larunbateko ekitaldiko protagonista.
Ekitaldia goizeko 10:30etan hasiko da, eta Rob David doktoreak, Cumberland and Westmorland Antiquarian and Archaeological Societyko presidente ohiak, hartuko du hitza. Peter Anderson irakasleak ere hartuko du hitza, Basque Children of '37 Erresuma Batuko elkarteko ordezkari gisa, eta Edurne, Luis eta Carmenen familietako kideek ere. Carmenek mugikortasun murriztua duenez, saioa The Howard Arms hotelean egingo da, Bramptonen bertan. Plaka datozen asteetan jarriko dute bere behin betiko lekuan, Bramptongo aterpetxe hura egin zen lekuan.
-Basque Children of 37 Elkartearen beste ekitaldi eta jarduera batzuk ezagutu nahi izanez gero, sartu bere webgunean
-Hona ebakuatuak izan ziren euskal gerra umeen bilatzailea (barkatu, ez dugu euskaraz topatu)