Euskal immigranteek bertara ekarri zuten ondare euskalduna berreskuratzearren lanean hasia da Uruguaiko Florida hiri eta departamentuan 'Vasconia Florida' elkarte berria eta gaur osteguna ekitaldia antolatu du Floridako Gernikako Arbolaren Plazatxoan, bertan plaka ipintzeko bonbardaketaren 80. urteurrena dela-eta, eta hitzaldia segidan, Xabier Irujo historialariaren eskutik, guztia bertako euskal "izpiritu eta arima" landu eta eguneratzeko xedez.
Florida, Uruguai. Florida hiria eta departamentua Uruguaiko beste hainbat leku bezala euskal presentzia eta eragin nabaria dituzten lekuak dira Mendebaldeko Errepublikan. Ez da bertako historian gehiegi urratu behar euskaldunen arrastoa topatzeko, azken berrehun urteotan zazpi probintzietako immigranteak egungo Uruguai eraikitzen lagundu duten komunitateen artean baitaude. Eta bertako euskal historia eta euskaltasun hori biziberritu eta gaurreguneratze lanetan hasia da 'Vasconia Florida' euskal elkartea, Uruguaiko independentzia aldarrikatua izan zen Florida departamentu honetan.
Ostegun honetarako, azaroaren 30erako, ekitaldi publikoa antolatu du 'Vasconia Florida'k departamentuko hiriburuan. Arratsaldeko zazpietan, plaka ezarriko dute hiriko Gernikako Arbolaren Plazatxoan, aurten Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurrena dela gogora ekarriz. Enparantzaren zaharberritzea ere proposamen bereko parte da.
Segidan, hitzaldia eskainiko du "1937ko apirilaren 26a, Gernikako Bonbardaketa" izenburupean Xabier Irujo historialariak, gai honetan aditua eta Nevada-Renoko Unibersitateko Euskal Ikasketa Zentroko zuzendari denak eta familia aldetik lotura sakonak dituenak Uruguaiko euskal historia eta komunitatearekin.
Gogora dezagun, Floridako Jose Andres Arocena diputatu nazionalak eta ganberako beste zenbait hautetsik bultzaturik, azken urteotan Gernikaren sarraskia gogoratuz euskaldunen aldeko saio eta interbentzioak eginak dituztela Uruguaiko Kongresuan, horietako azkena joan den uztailaren 7an eginiko Omenaldia, izan ere Gernikako Bonbardaketaren 80, urteurrenaren karietara.
Floridak, bestalde, Picassoren Guernicaren mural bat inauguratu zuen 2015eko maiatzean, euskal komunitatea bultzatzaile. Bertan gorpuzten ari den Vasconia Florida euskal elkarte berriarekin, jarraipena eman nahi zaie euskal ekimenei eta suspertu hiri eta departamentuan euskal kultura eta ondareari buruzko ezagutza eta kontzientzia, Jose Andres Arocena diputatuak berak EuskalKultura.com-i adierazi dionez.
Honi buruzko irratsaioa entzun nahi baduzu, egizu klik hemen