euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pintxoak, txistorra eta dantzak San Juango Eguzkiaren Jai Nazionalean bertako Eusko Etxearen eskutik

2017/02/28

Eusko Etxea-ko dantzariak San Juango Eguzkiaren Jaian
Eusko Etxea-ko dantzariak San Juango Eguzkiaren Jaian

PUBLIZITATEA

San Juan hiriko Eusko Etxea elkarteak euskal ikurra eraman eta euskal presentzia bermatu zuen bukatu berri den Eguzkiaren Jai Nazional famatuan. Sukaldaritza stand bat muntatzeaz gain, euskal dantzak ere eskaini zituen euskal etxeak Festaren baitan egin zen kolektibitateen dantza eta musika ikuskizunean. Euskal Etxeko kideak poz pozik daude esperientziarekin eta oso animatuta, honen osteane 2017ko ekintzekin abiatzeko.

San Juan, Argentina. Otsailaren 21etik 25era egin da aurten Argentina mailan jaialdi herrikoi garrantzitsuenetako bat den San Juango Eguzkiaren Festa. Bost egunetan zehar hainbat kultur ekintza egin dira Andeen magaleko hirian, tartean sukaldaritza eta artelan azoka, goi mailako arte ikuskizunak eta karrozen desfilea.

Euskal partaidetzari dagokionez, San Juan hiriko Eusko Etxeak Azokan zein Gizataldeen Ikuskizunean izan zituen ordezkariak. Azokan, etxeko kideek prestatutako pintxoek eta txistorrak arrakasta handia izan zuten. Eta txakolin freskoak ere publikoaren onarpena jaso zuen. Standaren arduradunak Euskal Etxeko Emakumeak izan ziren eta beraiekin batera, Eduardo Ochoa eta emaztea.

Euskal Etxeko erreferente den Carina Oyola Alvarezek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “duela gutxi hurbildu zaigu Eduardo Ochoa gure Euskal Etxera. 2014an bisitatu zuen gure standa eta bertan bere arbasoei buruzko datuak aurkitu zituen, hala nola jaioterria eta Argentinara iritsi ziren data. Aurkikuntza horiek bultzatuta, euskal etxeko kide egin zitzaigun. Berarena bezalakoa, hainbat historia ari da biltzen Ofelia Larrea gure lehendakaria eta asmoa da momenturen batean istorio hauek liburu batean argitaratzea”.

Euskal Etxeko lagunak, baina, ez ziren gastronomian bakarrik luzitu. Izan ere, dantzariek ere jaso zituzten txalo beroak kolektibitateen tauletan dantzatu zutenean.

Eguzkiaren Festa Nazionaleko lana bukatuta, 2017 ikasturtearekin hasteko prest dago euskal etxe sanjuandarra. Euskara klaseak apirilean hasiko dira. Abesbatzak eta dantza klaseek ere jarraituko dute; interesatuek entseguetara hurbiltzea baino ez dute.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia