euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pintxo Gaua eta euskal abesti herrikoiak larunbat honetan Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxean

2016/10/20

Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeko dantzariak hiriko 2016ko Gizataldeen Jaian
Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeko dantzariak hiriko 2016ko Gizataldeen Jaian

PUBLIZITATEA

Jarduera ugariko egitaraua ari da antolatzen Tandilgo Gure Etxea datozen asteetarako. Urte amaierari begirako azken txanpa honetako datorren larunbat honetan hasiko dira Pintxo Gau-Euskal Afari batekin; azaroan, Euskal Herritik etorritako Euskal Argentina elkarteko ordezkaritza bat jasoko du eta azaroan bertan Euskal Astera joango dira Etxeko kideak, urtero bezala. 2016a bukatzeko, erakundearen urtebetetzea eta Euskararen Eguna ospatuko dituzte tandildarrek erromeria batekin.

Tandil, Argentina. Amaren Eguna ospatu da azken igande honetan Argentinan eta Euskal Etxeko ama guztiak omentzeko Pintxo Gau-Euskal Afaria eskainiko du Gure Txokoak ondoko larunbatean, urriaren 22an. Afariaren baitan, instituzioko lagun talde batek Euskal Herriko kantutegi herrikoiaren abesti sorta bat aurkeztuko du.

Azaroan, Ipar Euskal Herriko Euskal Argentina elkarteko ordezkaritza bat jasoko du. Eurei Argentinako tradizioak erakusteko asmoz, erreki tipiko batekin gonbidatuko dituzte zelai batean. Tandilen bertan harrera egin ondoren, euskaldunak eta tandildarrak elkarrekin bidaiatuko dira Necocheara Euskal Aste Nazionalean parte hartzera.

Azaroan ere, pintxoak eta arraina prestatzeko euskal sukaldaritza tailer bat antolatuko du Euskal Etxeak eta hilabete amaiera erakundearen 67. urteurrena ospatuko dute erromeria batekin. “Urtebetetze festan Euskararen Eguna ere ospatuko dugu, inguruko beste euskal etxe batzuk lagun”, jakinarazi dio Gure Etxeak EuskalKultura.com-i.

Tandilgo Kolektibitateen Jaia

Bestalde, Tandilek Gizataldeen jaiaren 26. edizioa antolatu zuen irailaren 17 eta 18an hiriko Unibertsitateko Kultur Gunean. Urtero bezala, Gure Etxea Euskal Etxeak partaidetza bikoitza izan zuen Immigrantearen Egunaren karietara egiten den jaialdian. Batetik, euskal standean plater tipikoak –besteak beste pintxoak, tripakiak eta euskal pastela– prestatu eta saldu zituzten. Oroigarriak ere eskaini ziren txokoan.

Egitarau bereko parte, instituzioko dantzari guztiek hartu zuten parte dantza eta musika ikuskizunean. Txikiek ireki zuten Euskal Etxeko artisten emanaldia, Danborrada eta Sorgin Dantzarekin. Helduek, berriz, haurrek jotako San Sebastian martxa dantzatu zuten, eta baita polka bilduma bat ere. Erakustaldia ixteko, fandango bat taularatu zuten elkarrekin dantzari guztiek.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia