Chivilcoy, Argentina. Gure euskal etxe eta komunitateetan gogotsuen lantzen den euskal ohituretako bat mahaiaren inguruan bildu eta denbora eta jateko/edatekoa familia eta lagunekin partekatzea da. Horrek batu egiten gaitu, eta aukera ematen elkarrekin solastu, elkar ezagutu eta une goxoak pasatzeko, eta askotan baita kantatzeko ere. Chivilcoyko Beti Aurreran, mahaiari lotutako behar hori asetzeko asmoz, “Amalur" sukaldaritza taldea antolatu zuten duela urte batzuk eta, hamabostean behin, euskal sukaldaritza tradizionalari lotutako afari eta janariak eskaintzen dituzte. Gaur gauerako, ordea, Pintxo Gaua proposatu dute, esan nahi baita "zenbait delicatessen dastatzeko, eta edariak, eta musika...". "Euskal Etxean topaketa atsegin bat bizitzeko hitzordua", azken finean.
Ohi bezala, sukaldaritzaren eta euren familietan gorde eta landu izan diren euskal errezeten zale diren Amalurreko partaide hauek —oraingoz denak emakumeak, segitzen dute gizon sukaldarien zain— Euskal Etxeak antolatutako afari nagusien sarrerak eta goarnizioak prestatzen jarraituko dute. Urteko bazkari ofizialetako lehena, maiatzerako dago aurreikusita; Urteurreneko Afaria, uztailean izango da; udaberrikoa, berriz, irailean; eta urtearen itxierakoa, abenduan egingo dute. Horrez gain, laster sukaldaritza tailer bat eskainiko dute aldameneko La Rica herrian.
Euskera, dantzak eta musa
Baina beste alor batzuetan ere proposamen baliotsuak eskaintzen hasi da Beti Aurrera egunotan hendaurretzen ari den ikasturte berriko programa barnean, Konparazio, asteroko euskara eskolak ematen hasi dira, modu birtualean, bertako María Florencia Deniz irakaslearen eskutik. Era berean, hilean behin euskara tailer presentzial bat egingo dute euskal etxeko bazkideentzat, Adriana Irrazabal egungo euskara erreferentearekin. Bahia Blancako Euskal Aste Nazionalari begira, larunbatetan helduen euskal dantza topaketak ere hasi dira egiten, dantzak behar bezala entseatu eta ikasteko, Graciela Cofre eta Sara Iraizozen eskutik.
Lehenengo helburua, Euskal Etxearen Urteurreneko Afarian dantzatu eta emanalditxo bat eskaini ahal izatea dute, eta, horrekin batera, datorren azaroko Euskal Aste Nazionalean Chivilcoy ordezkatuz dantzari talde gisa joan ahal izatea. Era berean, eskualdeko euskal etxeekin harremanak estutu nahian, neguan mus topaketa bat antolatzekotan dira. Eta, urtero bezala, “Gernikako Arbola” Literatura Lehiaketa Nazionalaren edizio berri baterako deia egingo dute, Chivilcoyko Idazleen Argentina Elkartea lagun.