euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Pilpileando': sukaldaritza eta laguntza biltzeko aukera luzatzen die Itziar Agirrek euskal etxe argentinarrei

2011/11/30

'Pilpileando' proiektuaren afixa
'Pilpileando' proiektuaren afixa

PUBLIZITATEA

Necocheako Euskal Astean aurkeztu da 2012an zehar garatuko den 'Pilpileando Argentina' proiektua. FEVAren eskutik, “ibilbide gastronomikoa” egingo du Itziar Agirre chefak hainbat euskal etxe argentinarretan. Ibilbide honen helburua, sukaldaritza klaseak ematearekin batera, elkartasuna da, euskal-argentinar gizataldearen ekarpen sozial solidarioa bideratzea, Pequeños Gestos fundazioarekin lankide izanez. Izen handiko sukaldariaren bisita jaso nahi duten euskal etxe argentinarrek FEVArekin jarri beharko dute kontaktuan Agirreren ibilbidearen egitaraua osatzearren. Ordainsariei dagokienez, Itziar Agirrek musutruke hartzen du parte eta euskal etxe bakoitzak bideko eta ostatu gastuez eta klaseak eragin ditzakeen gastuez arduratu beharko du soilik. 'Pilpileando' proiektuan parte hartzeko epea datorren asteartean bukatuko da, abenduaren 6an.

Buenos Aires, Argentina. Sukaldaritza emanaldi eta aurkezpen berezi batekin plazaratu zen 'Pilpileando Argentina' proiektua Necocheako Euskal Astearen baitan. Ekitaldi horrekin abian jarri zen 2012an zehar Itziar Agirrek burutuko duen “ibilbide gastronomikoa”. Ekimen hau “Euskal Herriko sukaldaritza zabalduz gizatalde euskaldunak gizarteari laguntzeko eta komunitatearekiko duen engaiamendua adierazteko baliabide bihurtuko dira”, azaltzen du Itziar Agirreren proposamenak.

Bira datorren urtean hasiko da eta geldialdi bakoitzean ordu eta erdiko klase bat eskainiko du chef euskal-rosariotarrak. Publiko orokorrari zuzenduta egongo diren klaseetan hiru plater prestatuko dira. Ekintza ez da esku-diruarekin ordainduko: izan ere, klasea jaso nahi dutenek elikagai ez-galkor baten bidez beharko dute ordaindu bertan egoteko 'txartela', ondoren elikagaiok behar handietan diren familia eta jendearen artean banatuko direlarik Pequeños Gestos fundazioaren bidez.

2012an egingo diren klaseak astegunetan gauzatuko dira interesa duten euskal etxeetatik jasoko diren eskabideen arabera. FEVAk eskaintzen dituen hitzaldien ereduari jarraituz, federazioari eskaera bidaltzean ekitaldia egiteko gutxienez bi data jarri behar dira. Hilean bi bidaia egingo ditu Agirrek eta baliabideak aprobetxatze aldera pare bat euskal etxe bil daitezke aste berean.

Sukaldariak dohain eskainiko ditu klaseak eta euskal etxeek hartuko dituzten beren gain bideko eta ostatu gastuak baita klaseak eragin ditzakeen tokikoak ere.

Zenbait pertsona eta erakundeen babesa ezinbestekoa izan da ekimena aurrera eramateko, tartean:

-FEVA
-Euskal Etxeak
-Pequeño Gestos Fundazioa (laguntza bideratuko duena)
-Distribuidora Metropolitana (fundazioari elikagaiak eskuratzea)
-Cruz del Valle (herri bakoitzetik Buenos Airesera elikagaiak eramatea)
-Kaiku (hilero 100 kilo gazta emango dizkio fundazioari)
-
Cuna de Olivares (olioa emango du dohaintzan)
-Itziar Agirre sukaldari bera (antolatzaile eta gauzatzaile)

Abenduaren 6an bukatuko da euskal etxeek parte hartzeko eskaera FEVAra bidaltzeko duten epea.

-FEVAren webgunea: www.fevaonline.org.ar
-Itziar Aguirre-ren webgunea: www.itziaraguirre.com.ar

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia