2012an izandako esperientzia arrakastatsuak bultzaturik, ‘Pilpileando Argentina’ren edizio berri bat jarriko du abian aurten Itziar Aguirre chef rosariotarrak. Euskal sukaldaritza klase magistrala eskaintzeko eta euskal gizataldearen ekarpen solidarioa bideratzeko helburuak dituen ekimen hau urtean zehar egingo da, FEVA antolatzaile. Parte hartzeko baldintzak eta izena emateko gonbitea laster helaraziko dizkie Federazioak euskal etxeei.
Buenos Aires, Argentina. ‘Pilpileando Argentina 2015’ proiektuaren programa 2012an egindakoa bezalakoa izango da, hau da, geldialdi bakoitzean hiru errezeta prestatuko ditu Aguirre sukaldariak -sarrera, plater nagusia eta postrea- ordu eta erdiko klase batean. Klaseak publiko orokorrari zuzenduko zaizkio eta aktibitatera sartzeko ‘sarrera’, eskudirutan ordaindu beharrean, elikagai ez-galkor batekin edota dohaintza jasoko duen erakundeak eskatzen duenarekin pagatuko dute parte-hartzaileek. Proiektuaren sortzailearen hitzetan, “ekimena baliabide ona da Euskal Herriko sukaldaritza zabalduz gizatalde euskaldunak gizarteari laguntzeko eta komunitatearekiko duen engaiamendua adierazteko”.
Aguirreren esanetan, ‘Pilpileando Argentina’ren aurtengo edizioan, euskal etxe partaide bakoitzak aukeratuko du zein ongintza erakunderi lagundu nahiko dion. Klaseak urtean zehar egingo dira, astegunetan, eta gehienez hilean bitan. Gastuei dagokienez, klasea jaso nahi duten euskal etxeek euren gain hartuko dituzte sukaldariaren bidaiako eta ostatu gastuak baita klaseak eragin ditzakeenak lekuari dagozkienak ere. Itziar Aguirrek, bere aldetik, musutruke eskainiko ditu bere klase magistralak.
Ibilbide gastronomiko solidario honetan parte hartzeko baldintzak laster plazaratuko ditu FEVAk, izena emateko argibideekin batera. Federazioarenaz gain, beste zeinbat pertsona eta erakunderen engaiamendua ezinbestekoa izango da ekimena aurrera eramateko, tartean: euskal etxe, publiko, eta laguntza jasoko duten erakundeena.
-2012ko ‘Pilpileando Argentina’ren laburpen bat, hemen
-FEVAren webgunea: www.fevaonline.org.ar
-Itziar Aguirreren webgunea: www.itziaraguirre.com