Boise, Idaho, AEB. Pilotazaletasuna, Estatu Batuetara etorritako belaunaldi emigranteak ekarri zuen Estatu Batuetara eta geroztik, gorabeherekin, Euskal Herritik etorritakoek eta hemen jaiotako batzuk mantendu izan duten kirol eta afizioa da. NABO Ipar Ameriketako Euskal Elkarteen Federazioak bultzatzen duen jarduera bat da, eta Boisen egun hauetan egin den gaztetxoen Udalekuak landu duen diziplinetako bat. Gaur, ordea, Boiseko San Inazio jaiak hasiko dira eta hor ere bere lekua izango du pilotak. batetik, Euskal Herritik puntako pilotari gazteak etorriko direlako, lau emakume, Bizkaiko Olatz Arrizabalaga eta Amaia Aldai, Nora Mendizabal gipuzkoarra eta Andrea Capellan errioxarra. Baina hori azpìmarratzearekin batera, nabarmentzekoa da oso, bertakoek urtean zehar pilotaren sua atxikitzen eta zaletasuna lantzen egiten duten lana.
Emakumeen Esku huskako txapelketa banakakoa izango da. Pilotak ezin du 4 ½ marra gainditu: jokoa azkarra da eta puntuak oso ikusgarriak. Txapelketak Euskadiko maila goreneko jokalariek jokatzen duten Emakumeen Master Cup zirkuiturako balioko du
Gaur, bihar eta etzi egingo dira Boiseko Anduiza hotel historikoko izen bereko frontoian, 1914an eraikia berau, pilota partidak. Euskal Herritik etorritako lau emakume gazteak kanporaketa jokatuko dute gaur, Arrizabalaga Capellanen kontra eta Aldai Mendizabalen kontra, ondoren, bi irabazleen artean Final Handia, larunbatean. Igandean, berriz, bonusa eskainiko dute. Ikuskizuna eta pilotazaleentzat aukera ederra izango da. Oker ez bagaude, EHko Hiru Hiriburuak txapelketako errebantxa moduko bat bizi izango da, txapeldunordeek, Aldai-Mendizabaek, desafioa botako baitiete txapeldunei, Arrizabalaga-Capellani. Ikusteko modukoa. Hori eskuz.
Estatu Batuetako gizon eta emakume pilotariak
Baina partida hauekin batera, Boise bertako eta San Frantziskoko pilotarien arteko lehia ere egingo da, palan. Ostiralean eta larunbatean gizonak arituko dira:Larunbat goizean Boise San Frantziskoren kontra, eta eguerdi ostean pala mistoa. Aukera baliatuko dugu parte hartuko duten eta guztiak Diasporan jaioak diren pilotari hauen izenak aipatzeko. Emakumeen artean, Janet Murakami, Crash Magnumson, Aubrey Kirtley, Lael Uberuaga, Maite Kvarna eta Geneva Ayarra.
Gizonezkoetan, PJ Mancisidor, Keegan Dogherty, John Cortabitarte, Pedro Cortabitarte, Ben Monasterio, Patrick Bidegaray, Eneko Bereziartua, Andrew Miller, Jake Jaureguy, Alan Erdozaincy, John Falxa, Alex MacKinley eta Todor Azurtza. Geneva Ayarrak eta Todor Azurtzak, pilotari gisa daukaten jardueraz gain, lan ederra egiten dute Boisen pilotazaletasuna bultzatzen, pilota eskolarekin Anduiza Frontoian.
Boisetik San Frantziskora
Esango dugu azkenik, Euskal Herritik etorritako Olatz Arrizabalaga, Amaia Aldai, Nora Mendizabal eta Andrea Capellanek, Boiseko San Inazio jaietako lana bukatutakoan San Frantziskora pasatuko direla, pausoak bertako Gure Euskal Etxe edo Basque Cultural Center-eko pilotalekura zuzenduz..Bertan ere arituko dira pilotan Arrizabalaga-Mendizabal eta Aldai-Capellan bikoteka eta ikuskizuna oparituko diete San Frantzisko aldean ugariak diren pilotazaleei, Estatu Batuetan emakume pilotarien artean egingo den lehenengo txapelketa, eta erakustaldi eta euskal pilotaren gorazarre izango duten bidaia eder honetan.