euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pilota eta gastronomia uztartuz, omenaldia egin zieten Mexiko Hirian lau euskal pilotari ohiei

2016/06/03

Omenaldia jaso zuten pilotariak: Enrique Bonilla, Rafael Badiola, Pedro Txikuri eta Santi Txikuri (argazkia Masaryk.tv)
Omenaldia jaso zuten pilotariak: Enrique Bonilla, Rafael Badiola, Pedro Txikuri eta Santi Txikuri (argazkia Masaryk.tv)

PUBLIZITATEA

Ezusteko galanta hartu zuten Pedro Txikuri, Santi Txikuri, Enrique Bonilla eta Rafael Badiola pìlotari ohiek iragan maiatzaren erdialdera Mexiko hirian jaso zuten omenaldian. Pablo San Roman sukaldari donostiarrak antolatutako "De la pelota a la cocina" festaren baitan gertatu zen ekitaldia, eta pozik hartu zuten bai pilotariek eta baita euren senitartekoek ere.

Mexiko Hiria, Mexiko. Mexiko Hiriko Club Mundet elkartean egin zen "De la pelota a la cocina" festaren bigarren edizioa, iragan maiatzaren erdialdera. Pablo San Roman sukaldari donostiarrak sustatutako jarduera honetan, euskal tradizioko bi alderdi oso erakargarri uztartu dira, batetik pilota, Mexikon oraindik ere zaletu asko dituena, eta bestetik, euskal sukaldaritza, honek zeresanik ez!

"Ekitaldia oso hunkigarria izan zen, eta 300 bat lagun bildu ginen. Horietako asko 20 urtetik gora elkar ikusi gabe!", esan dio EuskalKultura.com-i Miren Aguirrek, Pedro  "Txikuri" Aguirre pilotari ohiaren alabak.

Aguirre familiak emozio bereziarekin bizi zuen festa, Pedro eta Santi 'Txikuri' anaiek jaso zuten ezusteko omenaldiari esker. Eurekin batera, Enrique Bonilla eta Rafael Badiola ere omendu zituzten. "Nire aitak, bere 82 urte eta guzti, pilotari arima dauka oraindik, osaba Santik bezalaxe. Aspaldiko pasadizoak gogoratzen asko disfrutatzen dute, eta baita partidak zuzenean ikusten edo ETBren bitartez", azaldu du Mirenek. "Mundeten egin zieten omenaldi honek asko hunkitu zituen, ezustean harrapatu zituelako, gainera! Eta tira, familiari dagokionez, bizitzari eskerrak ematen dizkiogu denak elkarrekin jarraitzeko aukera eman digulako. Halatan... etor daitezela horrelako askoz gehiago!".

Partidak eta bazkaria

"De la pelota a la cocina" egitasmoa Pablo San Roman sukaldariak sustatukoa da. San Roman donostiarra da baina urteak dira Mexikon bizi dela eta bertan euskal gastronomia zabaltzen lan polita ari da egiten. Bere asmoa jaialdi hau urtean bi edo hiru aldiz egitea da. Aurten bigarrena egin dute dagoeneko, eta azaro alderako ari dira prestatzen hirugarrena.

Formatoak pilota partidak eta euskal gastronomian oinarritutako bazkaria eskaintzen ditu. Azken honetan, pilotari dagokionez Jai Alai partida bat jokatu zen (Imanol López-Mikel Arriola vs. Daniel Inclán-Cristof Sánchez) eta Pala partida bat (MIkel Urrutia-Pepe Musi vs. Azael Herrera-Pello Txikuri).

Ondoren, euskal estiloan inspiraturiko bazkaria zerbitzatu zen: Onddo kroketak, Piper gorriak makailoarekin, Aguakate kaneloiak txangurroz beteta, Arrain zopa, Txuleta eta saiheskia romeroz zipriztindutako patatekin, entsalada eta nafar saltsarekin eta, postre gisa, Santiago tarta orujo izozkiarekin.

Eguneko irudi gehiago, Masaryk.Tv webguneak egindako erreportaian, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia