Boise, AEB. Boiseko Euskal Museo eta Kultura Zentroak, lankide dituela Munduko Pilota Batzarra (World Pilota Association) eta Ipar Amerikako Euskal Erakundeen Federazioa (NABO) , Pilota Camp deitu duen bi txandako ekimena antolatu du neska-mutikoentzat uda honetarako Boise erdigunean dagoen Basque Block-eko Anduiza Frontoian. Edizio honetan Euskal Herriko bi pilotari profesionalek emango dituzte eskolak, Naroa Agirrek eta Lur Ziarrustak hain zuzen, eta datorren asteko astelehenean hasiko dira.
Lehenengo tanda uztailaren 10etik 14ra egingo dute, 8 eta 11 urte bitarteko haurrentzat, 9etatik 11etara, eta bigarrena 12 eta 16 urte arteko neska-mutikoentzat, 11:30etik 13:30etara. 5 eguneko ikastaroak izango dira, eta 80 dolarreko kostua izango dute ikasle bakoitzeko. Eskolez gain, hamaiketakoa, Pilota Camp-eko kamiseta eta beste opari batzuk ere barne dira. Bigarren saioa uztailaren 17tik 19ra izango da. 8 eta 11 urte bitarteko haurrek 9ak eta 11ak arteko klasea izango dute, eta 12 eta 16 urte artekoek 11:30etik 13:30erakoa. Kasu honetan, 3 eguneko ikastaroak izango dira eta 50 dolarreko kostua izango dute.
Helduen izen-ematea, oraindik zabalik
Baina horrez gain, euskal pilotara hurbiltzeko gogoa duten helduentzat ere, jokalari profesional berberek hiru tailer eskainiko dituzte: uztailaren 11 eta 13an Anduiza pilotalekuan bertan, 17:30etik 19:30era; eta uztailaren 15ean, 9etatik 11etara. Kasu guztietan, antolakuntzak eskolak emateko behar diren elementuak emango ditu (lekua, pilotak, palak, etab.). Garaiz zaude oraindik helduentzako tailerretan izena emateko. Aukera paregabe hau baliatu nahi baduzu, bete formularioa.