euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pilar Sangroniz Shortsleeve, zientzilari forensea: "DNA eta hatz-markak topatzen saiatzen gara, baina ez gara poliziak"

2015/04/23

Utah-n jaiotako euskalduna, Pilar Sangroniz Shortsleeve kriminalista eta Utah-ko zientzilari forensea da, Zientzilari Burua Utah-ko Zerbitzu Forenseetan (argazkia PS-EuskalKultura.com)
Utah-n jaiotako euskalduna, Pilar Sangroniz Shortsleeve kriminalista eta Utah-ko zientzilari forensea da, Zientzilari Burua Utah-ko Zerbitzu Forenseetan (argazkia PS-EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

CSIk eta antzeko telesailek berea bezalako ofizioak nabarmendu eta egiten duten ekarpena azaleratzeko balio izan dutela dio. Pilar Sangroniz Shortsleeve Utah-n jaiotako euskalduna da, lanbidez zientzilari forensea eta DNA eta hatz-markak topatu edota identifikatzea bere eguneroko laneko parte du. Besteak beste, gobernadoreak emandako Utah-ko Zientzia eta Teknologia Dominaren jabe da gure solaskidea; lanetik kanpo, txistularia da Utah-ko Triskalariak euskal dantza taldean, hainbat urtez dantza irakasle ere aritu ondoren.

Joseba Etxarri. Utah-ko hiriburuan orain 58 urte, Gernikako Bonbardaketaren lekuko izan ziren gurasoen alaba jaiotako euskal-amerikarra den Pilarrek ederto uztartzen ditu bere eguneroko beharra Utah-ko Zerbitzu Forenseen Bulegoko Zientzilari Buru bezala, bere bizitza bustitzen duen bere beste ezaugarri handiarekin, bere jatorri eta engaiamendu euskaldunarekin, txikitandik baita gure solaskide Salt Lake-n hiru euskal belaunaldi batzen dituen Utah-ko Basque Club-eko kide eta elkarteko txistulari, urte askotan bertako dantza irakasle eta oraindik ere beti laguntzeko prest den aholkulari izateaz gain.

Astean zehar CSIko Gil Grissom-en moduko ikertzaileen buru izatetik, asteburuetan euskal etxeko kide eta Salt Lake-ko Utah-ko Triskalariak dantza taldeko txistularia iazatera pasatzen den pertsona zara.

-Ederto batzen diren bi alderdi dira. Nire bizitzan elkarren osarri direla esango nuke, garrantzitsuak oso niretzat, naizen modukoa egin nautenak. 26 urte daramatzat lan-arlo honetan eta, euskal gauzei dagokienez, bizitza osoa, euskaldun jaio bainintzen Utah-n. Bizitza osoa eman dut euskal etxean eta harro nago nire parte diren bi ezaugarri hauek nire baitan batzeaz.

Gobernadoreak Utah-ko Zientzia eta Teknologia Domina eman zizun eta eguneroko lanean 40 zientzilari eta teknikariko lantalde bateko buru zara. DNA eta hatz-marken peskiza hori telebistak islatzen modukoa al da?

-Eskertzekoa da telebistak gurea bezalako lanak azaleratzen eta jendaurretzen egin duen lana, jende askok oraintsu arte bageundenik ere ez baitzekien. Baina ez da ahaztu behar telebista telebista dela eta dena "Hollywood-eko estilo" edo ukituarekin islatzen duela. Gure eguneroko lana, esaterako, ez da polizia arloetan sartzen, bestela esateko, ez gara ateratzen susmopean daudenekin berba egitera. Gure lanak sostengu zientifikoa ematen dio poliziari, froga eta ebidentziak topatuz edo aztertuz eta aditu moduan datuek eta errealitate enpirikoak diotena aztertu, azaleratu eta aurkeztuz, epaitegi eta auzietan ere, hala behar denean. Telebistan guztiak erraz egiten du bat eta gauzak egoki eta azkar garatzen dira, egiazko bizitzan egoerak sarritan konplexuagoak izaten diren bitartean eta batez ere gauzak askoz ere denbora gehiago hartzen duten bitartean.

Noiz edo noiz hitz egin izan dugu Denise Gaztambiderekin, FBIko agente berezia eta Salt Lake-koa bera ere. Bat egin al duzue inoiz lanean?

-Denisek Kalifornian lan egin izan du gehienbat. Ezagutzen dut eta laguna daukat, baina laneko kontuetan ez gara inoiz elkarrekin jardun izan.

Zer esaten dizute etxean zure lanaz?

Errespetatzen dute eta badakite gustukoa dudala oso. Lan hau egunero da diferentea, beti gabiltza egiten gauza berriak, ikasten, aldatzen eta hobetzen dakiguna eta ditugun tresnak. Erronka bat da eta mugitu beharra duzu, eskakizunei eta egoerei erantzun. Egun bakoitza da bakarra eta interesgarria. Frogek berba egiten digute, gauzak adierazi nahi dizkigute eta geu gai behar dugu izan ulertzeko eta etekina ateratzeko guretzat daukaten informazioari. Horrek erakartzen nau eta horregatik daroadaz 26 urte lan honetan. Asko gustatzen zait lana, baina behartuta gaude gure eskuetatik pasatzen diren gauzak ez aipatzeko. Beraz, etxean ez dugu laneko konturik aipatzen.

Aste honetan bertan, egun Utah-ko euskal dantza taldeko koordinatzaile den zure iloba Cirbie Sangroniz Lee-k sareko Hella Basque blogean zeu aitortzen zintuen bere euskal inspirazio eta dantza-irakasle erreferente gisa.

-Euskaldunak gutxi gara Utah-n baina familia handi bat bezala gara. Guztion lanak du axola, talde gisa lortzen duguna da garrantzitsua, horrek ematen digu indarra, presentzia eta kemena. Gutxi izanik, erraz galdu ditzakegu sustraiak eta horregatik da garrantzitsua euskal etxearen lana, gazteei transmititzea. Polita da ikustea gure gazteen arteko harremana euren artean hemen klubean eta Estatu Batuetako euskal etxeetako beste hainbat gazteekin. Garrantzitsua bada nondik gatozen jakitea eta gogoan eukitzea, are garrantzitsua da hori partekatzea. Horrek guztiak egiten gaitu komunitate. Niretzat prilegioa da honen guztiaren parte izatea eta ikustea lehen haur zirenak kozkortu eta eurak ari direla gauzak aurrera eroaten, gure lekua hartuko dutelak ate joka duadela eta txanda hartzen ari zaizkigula.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia