Joseba Etxarri/La Plata, Argentina. Aitortu beharrean gaude mintzatu garela, bai, aurrez aurre Pilar Alavarekin, baina ez dela izan ez Sao Paulon, ezta Brasilgo beste edonon ere, Argentinako La Plata hirian baizik, bertan joan den asteburuan bukatu den Euskal Argentinar Aste Nazionalera etorria baitzen Pilar, jende asko erakartzen duen elkarretaratze honetara gero eta gehiago Argentinako partaideak ezezik, inguruko herrialdeetakoak ere biltzen baitira, hala nola Uruguai, Txile eta Brasilgoak eta, aurten esaterako, baita pilotari eta kirolari andana polita ere aurretik aipatutako herrialdeetakoak eta baita Mexiko, Venezuela eta Euskal Herrikoak ere. Bertan harrapatu dugu, beraz, Urduñako euskaldun baten alaba den Pilar Alava. Gaztelaniaz egin dugu solas, ikutu 'brasileiro' adierazgarria tartean.
-Aipaguzu zure harremana Euskadirekin. Noiz sartu zinen egun lehendakari zaituen euskal etxean?
-Ikus dezagun (berezkoa duen hitz egiteko abiaduran une bateko geldialdia egin eta gogoetatsu geratzen da), 37 urte ditut eta hogei bat urtez ibilia izango naiz euskal etxean. Garai hartan lehenengo bidaia egin nuen Euskadira eta itzuli nintzenean Brasilera nire aita euskal etxera itzuli zen eta geroztik familia osoa gara partaide.
-Zure bigarren bidaia 2003an izan zen, Gaztemundu programan parte hartzeko.
-Hamaika urte pasatu dira baina gaur bertan gertatua bailitzen gogoratzen dut. Ez nuen apenas ezagutzen Euskadi eta ilusio handiz joan nintzen. Urte hartako Euskal Gizataldeen Mundu Batzarrean ere parte hartu genuen, Gaztemunduren segida bezala izan baitzen. Asko ikasi nuen eta lagun ugari egin nituen, munduko beste euskal etxe eta lekuetako berri eta dinamikak ere ezagutu ahal izan nituen... Eta esan behar dizut, gaur hemen, La Platan, gustu handiz aukera izan dudala orduan nirekin Euskadin ibilitako batzurekin biltzeko, Necocheako Arantxa eta Xabier, Jose C. Paz-eko Soledad, Uruguaiko Daniel, Buenos Airesko Jesus, Chascomuseko Maria Laura... ederra da ikustea segitzen dugula euskal munduan engaiatuak, bakoitza bere euskal etxe eta herrialdean.
-Lehenengo aldiz etorri zara Argentinako Euskal Aste Nazionalera...
-Bai, eta berehala etxean bezala sentiarazi naute.
-Nolakoa da Sao Paulo?
-Eromena. Hogei milioi biztanle dituen metropolia da, horrek dakarren guztiarekin. Ez dago euskaldun asko eta hain hiri handia izatean, hainbeste aukera ere eskaintzen dituela, ez zaigu erraza izaten jendea erakartzea euskal etxera. Hala ere, aurten bateriak kargatzen ari gara eta komunikazio plan berri bati ekin diogu, interneten aktibo samar gabiltza, eta informazioa ematen diegu Sao Paulon euskal deitura daukaten jendeei, eta erantzun polita ari gara biltzen.
-Euskal etxe brasildarren artean aitzindaria zarete.
-Hilabete honetan, azaroaren 30ean, 55 urte beteko ditugu. Modu berezian nahi dugu ospatu eta omenaldia egingo diegu elkartea sortu zutenen artean bizirik dauden hiru bazkide fundatzaileei: Elias Echegoyen, Amable Otondo eta Francisco Lizarzabururi, hirurak 91 urtekoak. Festa ederra ari gara prestatzen, kantuekin, bazkaria eta hitzaldiekin. Eta Gernikako Arbolaren kimu berri bat landatuko dugu. Geure egoitzak, Sao Paulo kanpoaldean, berdez inguratua, Gernika Kuttun du izena. Badugu bertan hazten Gernikako Haritza, baina nahi izan dugu, sinbolikoki, urte hauek guztiak pasatuta, kimu berria landatu, bertan segitzen baitugu, eta bertan segitzen duen aitak seme edo alabari ematen dio txanda.
-Nola dabil ekonomia Brasilen.
-Presidente hauteskundeak izan berriak ditugu, baina esango nuke brasildar askok pentsatzen dugula 2015a urte zaila izango dela. Hala ere, gure aberria, gure bi aberriak, Brasil eta Euskadi, maite ditugu eta lanean segituko dugu, aurrera begira ohi bezala.
-Euskaldunik iristen al da Sao Paulora lan bila?
-Euskal enpresa asko daude hemen eta lotu nahi ditugu euskal etxeari, baina salbuespenak salbuespen ezin dizut euskaldun askoren berririk eman hona emigratuta. Espainiar enpresa batean ari naiz lanean, Movistarren, ni lanean nengoen hemengo konpainia bat jan baitzuen eta eurak bai esan dezakedala hirurehun espainiar ekarri zituztela Madrildik hona lanera duela urte bete edo zeozer gehiago, departamendu berriak osatuz eurekin. Baina dakidan punturaino, euskaldunik ez.
-Euskal Etxea berrabiatzen ari omen zarete...
-Oinarri sendoa daukagu eta egoitza geurea da, gure bazkide fundatzaileek ahalegin handiz hala nahi izan baitzuten, eurena zen leku bat biltoki. Moldatze-lan batzuk egiten ari gara eta guztia prest egongo da bertan ospatzeko 55. urteurrena. Badira Brasilera etortzen diren euskaldunak, hala nola aste honetan bertan bisitari daukagu Ibarretxe lehendakaria, hitzaldia eman behar baitu bertako unibertsitate foro batean giza garapen iraunkorraz eta Euskadiren kasuaz, edo aste honetan ere Fito Rodriguez idazlea ere hizlari izango dugu hemengo pare bat herri eta unibertsitatetan. Baina utzidazu aukera baliatzen gonbidapena luzatzeko noizpait Sao Paulora hurreratzeko asmoa izan dezaketen euskaldunei. Azaroaren 30ean gurekin bat egiten badute urteurren festan, zinez ongietorriak izango dira. Baina baita bestela ere, urtean zehar, noiznahi etorrita ere.