Ander Egiluz Beramendi, AEB. NABOko presidente ohi Pierro Etcharren uharte-garaztarrak hamaika esperientzia bizi izan ditu San Frantziskora aurreko mendeko hirurogeietan emigratu zuenetik. Puntu aipagarri horiek lotu eta bere biografia amerikarreko sarea sortzen duten bizipen iraunkorra dira dantza, alde batetik, eta musa. AEBetako eta Kanadako euskal etxeak biltzen dituen NABO erakundeko karta joko euskalduneko arduradun da da bera.
Aurreneko aldia da Homedalek finala hartzen duena. Dena prest?
-Bai, bai. Biziki ongi aterako da dena. Iragan urtean Homedaleko Tony eta Darren (Uranga) atera zirelarik txapeldun, segidan hasi zen Homedaleko Txoko Ona euskal etxea guztia prestatzen. Bistan da gauza handia izango dela haientzat, bazter guztietatik bilduko delako jendea. Sekula ez da hor egin eta haientzako ohore handia izango da.
Klubarentzat bakarrik ez, herri osoarentzat izango da ona horrenbeste jende izatea, ezta?
-Bai, kanpoko pertsona asko hurbilduko da eta gauza ona da hori herriarentzat. Lehen beti dudak baziren finala prestatzeko, orain jendeak nahi du, herriarentzat ona delako eta NABOk laguntzen duelako.
Debatea izan da NABOn lau edo zortzi Errege erabiltzearen artean. Modu errazean konpondu ahal izan duzue?
-Bi molde horiek daude, Eta Klubetan, batzuetan, sei jokalariren artean jokatzen dute eta orduan zortzi Errege eta lau Bateko erabiltzen dituzte; baina sei pertsona dira mahaian. Haatik, Txapelketan lau Erregerekin egiten dugu, Mundialean ere horrela delako.
Baserri giroan, karta jokoan izan ohi dira emakumeak askotan baina, txapelketetan, gizon askoz ere gehiago ikusten dira.
-Hemen, San Frantziskon, franko ari dira emakumeak eta egungo txapelduna emakumea da, Josephine Curutchet, eskualduna ez dena, frantsesa, baina eskualdun baten alarguna (Ezterenzubiko Sebastian Curutchet zuen senarra). Maite du musean eta ongi egiten du. Ona da eta azkarra. Llaguntzen ditu neskatil gazteak musean aritzen.
Gustuko al dute gazteek musa?
-Baietz uste dut. NABO Udalekuetan ikasten dute. San Frantzisko aldean gazte gehienek badakite. Hemen sortuak dira gazte hauek, horregatik badakit segituko duela musak. Bistan da Udalekuetan, gazterik musean erakustea ona dela. Eta badira zenbait, euskaldun ez direnak baina musean egiten dutenak, gustu hartu dutelako.
NABOk badu gazteentzako Mus Txapelketa. Anne Marie Chiramberro blogariak ere (HellaBasque) antolatzen du urtero bere lagunartekoa, San Frantziskon musak duen onarpenaren adibide.
-Bai, ezagutzen dut Anne Marie eta gauza ederra da hori. Haren aita nire alderdikoa da, gainera. San Frantziskon, etxeetan parrillak egiten direlarik, musean ari da jende asko. Eta badakit beste klubetan ere gertatzen dela.
Musaren hazkundea ikustea pozgarri egingo zaizu...
-Nola ez. NABO sortu bezain fite hasi zen musa Estatu Batuetan eta lehenengo Mundiala NABOko besta batean egin genuen, San Frantziskon [Frantziak eta Espainiak hasi zuten Mus Txapelketa eta Pierro izan zen AEBetaraino hedatu zuen pertsona; orduan bihurtu zen Nazioarteko Txapelketa, 1979. urtean]. Zazpi nazione elkarretaratu genituen eta, geroztik, hamabost edo hogei. Bistan da horrek gazteak mugitzen dituela ere, mundu guztitik bildutako 130 pertsona musean ikustea polita dela.
Badituzu bilobak, Joanna, Gexan, Peio… Zure urratsak jarraitzen al dituzte?
-Maite dute musean, bai. Etxean aritzen gara. Pasa den igande honetan ere aritu izan naiz, Gexanekin. Gero eta hobeto ari dira. Musean ez da adinik. Behar da manera, baina egiten dute eta maite dute eta bistan da segituko dutela. Hein inguruko gazteak bezala.
* Urrian egingo da, Argentinako Mar de Platan, 2015eko Nazioarteko Mus Txapelketa. Asteburuan Homedale-n kopa jasotzen duen bikotea izango da bertan AEBetako ordezkari.