euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pete Cenarrusak bere memoriak aurkeztuko ditu bihar Boiseko Euskal Museoan: 'Bizkaia to Boise...'

2009/12/15

Pete Cenarrusa (argazkia EuskalKultura.com)
Pete Cenarrusa (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Idahoko estatu-idazkari ohi Pete Cenarrusa euskaltzale euskal-amerikar ezagunak bihar --92 urte betetzen dituen egun berean-- sinatuko ditu Boiseko Euskal Museo eta Kultura Institutuan bere bizitza osoko ibilbidea kontatzen duten memoriak, "Bizkaia to Boise: The Memoirs of Pete T. cenarrusa" izenburupean APko Quane Kenyon kazetariarekin batera plazaratu dituenak. Cenarrusak berak iragarri duenez, liburuaren sarrerak oro Idahoko eta AEBetako euskal ondarea ikertu, ezagutu eta zabaltzeko xedea duen 'Cenarrusa Foundation for the Basque Culture' erakundearentzat izango dira.

Boise, AEB. Pete Cenarrusa euskal kulturarekin eta politikoki ere euskal nortasun politikoarekin engaiatutako euskal-amerikar euskaltzale ezaguna bihar, 92 urte beteko dituen egun berean, Boiseko Euskal Museo eta Kultura Institutura bilduko da, bere bizitzako ibilbidea libururatzen duen Bizkaia to Boise: The Memoirs of Pete T. Cenarrusa (Bizkaitik Boisera: Pete T. Cenarrusaren oroitzapenak) obra aurkeztu eta aleak sinatzeko.

1918an Carey-n (Idaho) jaioa, Cenarrusa Estatu Batuetako mundu publikoko ikurretako bat izan da azkeneko mende erdian, eta hala segitzen du izaten Idahon. Bere izenak onak euskal komunitatea ezezik komunitate amerikar osoa baitaratzen du, izan ere hauteskunde bidez izan baita Idahon lehenik Ordezkarien Ganbarako kide, bertako buru eta, ondoren, hogeita hamar urtetik gora Idahoko estatu-idazkari. Idahon bera izan da estatuko bulegoetan hautetsi luzeen egon den pertsona, eta AEB mailan ere gutxi dira bera baino zerbitzu urte gehiago dauzkaten maila aktuko politikariak.

Sarrerak oro Cenarrusa Fundazioarentzat

1950ean hautatu zuten lehenengo aldiz House edo Ordezkaritza Ganbarako kide izateko. Mundu publikoa 2003an utzi zuenean, bere borondatez, bidea prest utzi zion bere bigarrengoari, euskal jatorrikoa ere den Ben Ysursari, bere tokia har zezan, eta hala egin zuen Ysursak, hauteskundeak erabateko gehiengoz irabazita. Orain, bere bizitzaren berri ematen duen liburua, Quane Kenyon zutabegile eta Associated Press agentziako kronikari izandakoarekin batera egin du, hau ere biharko aurkezpenean partaide eta hizlari izango delarik, espero zitekeenez.

Ekitaldia Boisen, hiriko Basque Block delako auzoan dagoen Euskal Museo eta Kultura Institutuan egingo da, arratsaldeko seietan. Bertan, besteak beste, APko kazetari ere diren Bob Fick eta Mark Warbis arituko dira. Liburuak sinatuko ditu Cenarrusak eta dagoeneko iragarri du liburuak sortuko dituen sarrerak oro bere izena daraman fundazioarentzat izango direla, Boisen, Idahon eta Estatu Batuetan bertako euskal ondarea eta eragina aztertzea, ezagutzea eta zabaltzea xede duen erakunde honentzat, alegia. 20 dolarretan ipiniko da salgai.

-Fundazioko webgunea: www.cenarrusa.org



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia