euskal diaspora eta kultura
2013/10/01
PUBLIZITATEA
Joseba Etxarri. Berria berehala zabaldu zen eta Boise eta Estatu Batuetatik berehala pasatu da Diasporako beste hainbat lekutara eta Euskal Herrira, eta hango eta hemengo prentsan izan du isla: Pete Cenarrusa, hamaika urtez Idahoko estatu-idazkari izana, askoren paisaia euskal-estatubatuarreko ezinbesteko partaide eta osagaia, zendu egin da Boisen, adina ere hor zela, baina hiru urteko borrokaren ondotik minbizi baten ondotik.
Gure inguruko norbait edo maite dugun inor hiltzen den bakoitzean, gure zati bat, gure baitango zerbait mugitzen dela eta gure gogoa eta oroitzapenak inarrosten direla esan ohi da; pertsona harekin bizi izan genituen une, eskarmentu eta bizipenak gogoratzen zaizkigu, eta gure bizitzan utzi duen arrastoaz oroitzen gara. Pete-n kasuan, jende askorengan marka utzi zuen pertsona izan da; Euskal Herriko seme zintzoa eta Diasporako partaide nabari eta eredugarria.
Euskal familia batean jaioa izateak eta etxean gurasoek transmititutako hizkuntza, balore eta giroek --hortik abiatutako bere gogoeta pertsonalarekin batera-- egin zuten Pete euskaldun, Ameriketan jaiotako euskaldun; eta ez horregatik Europako beste edozein baino ahulago euskalduntasunean. Aitama Joe eta Ramonak, munitibartarra eta gernikarra, aurretik eta ondotik beste milaka euskaldun emigratuek eginiko bera egin zuten: euren onena, euren kultura eta izaera ahalik eta hobekien transmititu Ameriketan jaiotako euren seme-alabei. Politika eta hautetsien munduan honelaxe ezagutu izan ditugu, esaterako --hautetsi amerikar eta euskaldun peto-- Pete-ren belaunaldiko Tony Yturri abokatu ontariotarra, Oregoneko senadore, edo Buffalo-ko John Marton, Wyoming-eko Ordezkari Ganberako presidente eta gehiengoburu, guztiak euskara ahoan eta amerikano, euren egoera horretatik ekarria egiten euskaldunok aberastasun dugun eta zaintzen duguna baino hobekiago zaindu beharko genukeen euskal mundu amankomunari. Petek behin eta berriro errepikatzen zuen: bera batere konplexurik gabe zela euskaldun Ameriketan, eta ez gutxiengo bateko partaide, gehiengokoa baizik, euskalduntasunak hor topatu behar baitzuen bere geroa, errepikatzen zuen behin eta berriro.
Pete oroitzean, Idahoko Estatuak euskaraz ere egin zuen natura zaintzeko kanpaina bat ere datorkit burura, autoetan itsasteko itsasgarri horietako bat, "Euki Idaho berde" zioena, bere euskarazko bertsioan, eta "Keep Idaho green" ingelesezkoan. Euskal Herrira egin zuen bisitetako batean, autoz eraman nuelarik, harro erakutsi niona nire auto atzealdean ipinita.
Estatubatuar gisa, kontserbadorea zen Pete, Estatu Batuetan estatu zeharo errepublikar fama daukan Idahon. Euskal gauzetan, ordea, abertzalerik abertzaleenekin bat egin zezakeen. Gutxik --Dave Bieter egungo Boiseko alkate eta bere lagunak agian-- eraman du bere euskaltzaletasun aktiboa politikara Petek bezain urrun eta ipini ditu bere eskuetan zeuden baliabide eta eragin guztiak euskaldunek, politikoki, euren buruari buruz erabakitzeko eskubidearen alde. Lehenik, Francopean, Idahoko instituzioetan aitzinaraziz Burgosko Auzian kondenatutakoen aldeko proposamena, eta gaiari nazioarteko proiekzioa emanez. Eta bigarrenez, Aznarpean, Idahoko bi ganbera legegileetan pasatu araziz, euskaldunen eskubideen aldeko galdea. Latinoamerikako herrialdeetan beste batzuek egin zutena, berak, bere indar eta prestigioan oinarrituta lortu zuen Idahon eta Estatu Batuetan.
Horretan zerikusia izan zuten, zalantzarik gabe, Euskal Herrira egin zituen bidaiak. Lehenengoak ireki zizkion bereziki begiak, ikusi baitzuen, oraindik Franco bizi zela, bertan bizi zen egoera eta bilerak izan zituen klandestinitatean geroago agintari izango zirenekin. Atxikia zen Eusko Jaurlaritzari, eta Ardantzak lehenengo bidaia egin zuenean Estatu Batuetara, harrera bikaina egin zion Idahon, eta berari eta Paul Laxalt navadatarrari esker errezibitu zuen orduan Estatu Batuetako presidente zen Ronald Reaganek Etxe Zurian. Lagun eta aliatu ona zen, eta Jaurlaritzatik American Basque Foundation delakoa sortu eta bertako kide izatea proposatu ziotenean ere, Ardantzaren bigarren bidaian bulegoak Washingtonen inauguratuz, ez zuen zalantzarik izan, proiektuak bizitza laburra izango bazuen ere.
Euskal Herriko seme zintzo izateagatik, beti laguntzeko prest, Sabino Aranaren domina eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaitar Argia sariak jaso izan ditu azkeneko urte hauetan. Bere lan guztian, 66 urtez emazte eta lagun izan duen Fredak ere ez dauka merezimendu gutxi, azkeneraino izan baitu ondoan. Seme Joe 1997an hil zitzaion, hegazkin istripuz, pilotoa baitzen aita bezala, emaztea eta bi haur utzita, eta hura izan zuen bizitzan kolpe latza. Fredari eta eurei, Idahoko eta gainerako lagun guztiei, eta urtetan Idahoko Kapitolioan Peten idazkari eta lankide fin izan zen Miren Artiach-i, nire doluminak. Gogoan zaitugu, Pete, eta eskerrik asko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus