Lima, Peru. Musa jende asko mugitzen duen jarduera da munduko euskal komunitateetan, batzuek uste dutena baino gehiago. Positibotasun eta umore onez praktikatzen dute askok, baina baita seriotasun harrigarri batekin ere. Estatu Batuetako, esaterako, txapelketa asko goizeko 8etan hasten dira, eta behar den beste irauten dute. Musak, hainbati, maitasun itsu bat ekarri die, droga moduko bat bazala dute, liluratu eta harrapatzen dituena. Eta koadrila bat dira, lehiaketa nazionaletan edo mundialean parte hartzera ohituda daudenak, bai muslari lehiakide moduan, bai laguntzaile moduan. Lagun onak egiten dituzte bertan. Baina partidetan, txantxa gutxi.
Hori guztia aipatuta, 2024an ere (euskal komunitateen arteko) Munduko Mus Txapelketa aurreratua dagoela esan behar dugu. Mundukoa Perun, Cusco eta Urubamba inguruan egingo da, Limako Euskal Etxea antolatzaile. Peru herrialde sendoa da musaren praktika eta promozioan, mundial guztietan daude eta bertako euskal komunitateko kideek pasio bereziz bizi dute, Limako Euskal Etxean aspalditik dira parte hartzaile eta antolatzaile eta, poliki-poliki, Trujilloko Euskal Etxea ere hasia da sartzen, hasteko, larunbatero bilduz karta-joko noble hau hasiberriei irakatsi eta badakitenek jokatzeko. Beharbada Mundialak Cusco bertako Euskal Etxea gaztean ere piztu lezake zaletasuna.
Argentinako finala La Platan, abuztuaren 17tik 19ra
2024ko edizio honetan, hainbat herrialdek jokatu dituzte dagoeneko euren kanporaketak, bukatu dituzte txapelketa nazionalak, eta badakite Mundialean ordezkari izango dituztenen izenakbesteak beste Estatu Batuetan eta Mexikon. Estatu Batuetako finalak Gardnervillen egin ziren, NABOk eta bertako Mendiko Euskaldun Clubak antolatuta, eta irabazleak Tony Espinal eta Nick Vizcay izan ziren. Mexikon, finalak Mexiko Hiriko Euskal Etxean egin ziren, eta Cuscorako plazak irabazi zituztenak Isidro Mendiburu eta Juanjo Echenique izan ziren.
Argentinako finalak, berriz, hilabete honetanxe egingo dira, La Platako Euzko Etxean, bertako Bixente Ibarguren Peña antolatzaile, abuztuaren 17tik 19ra, euskal etxe laplatatarraren 80. urteurreneko urtean. Argentina da, Estatu Batuekin batera, munduan musaren jarraipen eta mugimendu handiena duen herrialdea. Argentinako Nazionalerako egun gutxi falta direnez, zorterik onena opa diegu maila lokalean irabazle gertatu direnei. Cuscoko Munduko Txapelketari buruz, bere egunak hurreraten joan ahala (urriaren 19tik 27ra izango da) mintzatuko gara gehiago.