euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Peru: ia ziento erdi bat Lizarzaburu deituradun Zoomez eginiko familia bilkuran, Trujilloko Euskal Etxea antolatzaile

2021/06/11

Bileran Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarezek hartu zuen parte gonbidatu gisa
Bileran Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarezek hartu zuen parte gonbidatu gisa

PUBLIZITATEA

Trujillo, Peru. Trujilloko Euskal Etxe gazteak antolatzen duen mota honetako lehenengo topaketa da, eta Lizarzaburu familiako kideak bildu ditu Zoomez joan den igandean, nondik eta besteak beste Mutriku, Deba, Tolosa, Paris, Amsterdam, Santiago, Lima, Trujillo, Guayaquil, Quito, Ciudad Juarez eta Kaliforniatik sartu direnak. "Bilera Lizartzako (Gipuzkoa) Lizartzaburu baserriaren inguruan antolatu genuen, eta bere baitan euskal baserrietan landu eta garatu ohi diren familia balio eta tradizioak hizpide", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Wilfredo Lizarzaburu Trujilloko Euskal Etxeko lehendakariorde eta hitzorduko koordinatzaileak.

Ekitaldia goizeko hamarretan hasi zen Peruko orduan, 17etan Euskal Herrian. Ordubete iraungo zuela aurreikusi baina beste hainbeste luzatu zen. "Partaide gehienek ez zuten elkar ezagutzen, baina familia bereko kide direla jakin eta onartzen dute", diosku bileraburuak. "Eszeptikoenak eta, aldi berean, espontaneoenak Euskal Herrikoak izan ziren". "Orain arte bilera fisikoak egin izan ditugu hemen, azkena duela sei urte Guayaquilen (Ekuador)" eta Euskal Herrian ere egin izan dituzte, "Izan ere, guztiok Lizartzako Klanekon parte gara interneten, baina egiteke daukagu herrialde guztietako lizartzaburutarrak Euskal Herrian bilduko gaituen bilkura", gaineratu du.

Ekimena, Trujilloko Euskal Etxeak abian jarri duen proiektu batean txertatzen da, euskal jatorriko familiak euren abizenaren inguruan elkar daitezen, sustraiei buruzko jakin-mina piztu eta euren jatorri den euskal lurralde eta kulturara erakarri nahian. Lizartzaburutarrak hautatu dira programa estreinatzeko, aurreratutako lana badagoelako eta talde gisa egitura bat eratuta dutelako dagoeneko.

Amerika osoan barreiatuta dagoen familia honen jatorriak Euskal Herrian Lizartzara garamatza, izen bereko baserrira. Deitura horretako jendeak Deba eta Mutrikura aldatuko dira XVII. mendearen amaieran, baita Elorriora ere. Eta garai berean Donostian jaiotako hiru anaia Lizartzaburu Amerikara abiatuko dira militar gisa.

"Amerikara irteten diren anaia horietako bat, Martin Felipe, frantziar eskuadra baten aurkako borrokan hilgo da, Cartagenaren aurrean. Jose Antonio, harrapatu egingo dute, Frantziara eraman eta ihes egingo du, Madrilera itzuli eta ondotik Argentinara bidaliko dute. Bere seme bat Txilera pasatuko da, Jose Alfonso. Hau Peruko Erregeorderrira bidaliko dute 1718 aldera eta Peruko eta Txileko adarrak zor zaizkio. Pedro Ignacio, hirugarren anaia, encomendero edo lurjabe handia izango da Riobamban eta berarengandik dator Ekuadorreko adarra. Urteekin, batzuk, Peru eta Ekuadorretik Estatu Batuetara abiatuko dira", laburbiltzen du Wilfredo Lizarzaburuk familiaren historia.

Bilerako egitaraua

Hasiera: 10:00etan (Peru), 17:00etan (EH)
1 Abiatze eta Ongietorria: Germán Lizarzaburu Ahumada
2 Gure familia, jatorria: Manuel Lizarzaburu Aginaga (Deituraren jatorria, Lizartzaburu Etxea, Lizartzaburu Baserria)
3 Genealogia: Wilfredo Lizarzaburu Muñoz (Genealogia orokorra, Bi adar nagusien jatorria: EHkoa y Amerikakoa
4 Pasadizo eta iruzkinak guztiak partaide
5 Integrazio dinamikak: Danny Lizarzaburu Aguinaga
6 Tresna eta bitartekoak (Facebook, formularioa eta Zoom): Danny Lizarzaburu Aguinaga
7 Itxiera eta azken agurra: Wilfredo Lizarzaburu Muñoz

Hurrengo bilkura Berastegi / Verastegui familiarena izan daiteke.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia