Trujillo, Peru. Peru iparmendebaldeko kostaldean kokatuta, Trujilloko Euskal Kultur Etxea osatzen duen taldeak agenda bizia zabaldu du bukatu berria den udan. Euskal dantzak, elkarrizketak, zinema topaketak, solasaldiak eta EEaren lehenengo argitalpen instituzionalaren aurkezpena dira duela sei urte sortutako elkarte gazte honek aurten orain artean garatu dituen jardueretako batzuk. Otsailean Trujilloko Euskal Etxeko kideek Ander Elordui youtuberraren bisita jaso zuten.
Gazte getxoztarrak Cesar Vallejo Unibertsitateko Komunikazio Zientzien Eskola bisitatu zuen, eta ehun bat ikasleren aurrean mintzatu zen EEren eskutik. Era berean, El Cultural-eko Abraham Lincoln Liburutegian “Esperientziak eta Ekintzailetza” hizpide hartu zuen mahai-ingurua antolatu zuten, bertan, Elorduik Hego Amerikako euskal etxeetan barrena egiten ari den ibilbidean bizi izandako esperientziak partekaturik. Horretaz gain, Euskal Etxeko hogei bat kide gazte eta helduri, lehenengo euskal dantza eskolak eman zizkien, aurrerantzean Mónica Acosta Olortegui irakaslearen eskutik jarraitzekotan.
Euskal Herritik bisitari, Ander Elordui youtuber getxoztarra eta 'Hemen Gaude' proiektuko bi gazte irundarrak, Maialen López eta Iñaki Goikoetxea
Emakumearen Nazioarteko Eguna testuinguru, "Emakumea Egungo Munduan" solasaldia antolatu zuten, partaide izan zirela MotivActionen sortzaile Barbara Wong; PDCren zuzendari Carolina Gamallo; Agua Floridaren sortzaileetako bat den Silvia Arellano, eta, Euskal Herritik etorrita, 'Hemen Gaude, Euskaldunon urratsetan' proiektuko arduradun diren bi profesional irundarrak, Maialen López abokatua eta Iñaki Goikoetxea kazetaria, Peruko lurren eta jendeen bisitari eta bertako euskal arrastoen biltzaile.
Eta liburua. 'Saregintzan, tejiendo redes... entre vascos' (Saregintzan, sareak ehuntzen... euskaldunon artean) du izena Euskal Etxeko lehendakari Wilfredo Lizarzaburuk eta lehendakariorde Juan Carlos Verastegik idatzi eta bilduta Euskal Etxeak plazaratutako liburuak. Euskal kulturari buruzko oinarrizko hainbat gai jorratzen dituzte bertan. Lehen argitalpen instituzional hau, aurretik bestela, baina martxoaren 6an La Libertadeko Nazioarteko Azokaren lehenengo edizioan aurkeztu zen.
'Saregintzan... sareak ehuntzen euskaldunen artean' liburuarekin Euskal Herriko eta Peruko euskaldunekiko interesa ezagutza bilakatu nahi dute
“Kultura zabaldu nahi dugu, bere adiera zabalean, komunitatean oro har, baina batez ere euskaldunen ondorengoen artean. Jakin-mina piztu nahi dugu euskal arbasorik daukatenen artean eta interes hori ezagutzaz beztitu, nortasuna sustatu eta komunitatea sendotu», laburbiltzen dio Euskalkultura.eus-i Trujilloko Euskal Etxeko lehendakari Wilfredo Lizarzaburuk.
Liburua eskuratu nahi dutenek posta elektronikoz jar daitezke harremanetan trujillo.euskal.etxea@gmail.com helbidera idatziz, edo Facebook bidez, hona joz.