Trujillo, Peru. Mundu osoko makina bat euskal etxe bezala, Trujilloko Euskal Etxea proposamenak lantzen ari da datorren irailaren 8ko astean ospatuko duen Euskal Diasporaren Eguna ahal eta hobekien antolatzeko. "Egun horretan gure egitatea, gu hemen gaudela eta geure ekarpen eta lekukotasunak eskaintzen dizkiogula Euskal Herriari eta komunean daukagun euskal enborrari ospatuko dugu aurten ere, ospatu, aldarrikatu eta jakinaraziko", esan dio EuskalKultura-eus-i bertako lehendakari Wilfredo Lizarzaburu Muñozek.
Horrekin batera, Lizarzaburuk adierazi digu Trujilloko Euskal Etxeak pozez errezibitu duela joan den astean Euskal Herriko bere lehenengo bisita pandemia hasi ezkeroztik. "Hiru neska gazte izan dira, abokatutza amaitu berriak EHUn, Garazi Sainz, Naia Gandra eta Garazi Sanz". "Telefonoz deitu eta ea euskal etxea bisita zezakeen galdetu zuten, gurekin solastu, eta ezagutu nahi gintuzela, eta halaxe egin genuen". "Harrituta zeuden, ez zekiten diasporaz ez eta euskal etxe sare bat zegoenik munduan, eta hunkitu egin ziren ikurrina ikusi zutenean".
Urrian, Macachingo Euskal Astera
"Trujillora, azkeneko hogei egunetan Peruko hegoaldea bisitatu ondoren heldu ziren hona. Ahal txikikoak gara, baina etxean bezala sentiarazten saiatu ginen. Hemendik Piura aldera abiatu ziren. Gure EEko bazkide batekin hitz egin eta harrera egin zien han, ondoren Máncorara zihoazen. Ekialdera, Oihana eta Iquitos ezagutu nahi zituzten". "Euskal Herritik jaso genuen azkeneko bisita juxtu pandemia aurretik izan ziren, lau gazte kooperante", diosku.
Euskal etxe trujilloarreko lehendakari eta sustatzaile nekaezina da Wilfredo Lizarzaburu eta ilusioz agertzen digu EEan oso gogotsu ari direla Euskal Diasporaren Eguneko prestakizunetan, eta talde bereizi bat sortu dutela helbiru honekin. Bere plan pertsonalez galdetuta, urri-hasiera aldean, Txileko Santiagon hango euskaldun batzuekin bildu eta Argentinako Euskal Aste Nazionalean, La Pampako Macachinen, parte hartzeko asmoa duela aitortu digu, ikusi-ikasi eta partekatzeko, bere patrikatik ordainduta.