Berpizte polita ari da bizitzen azkenaldian Lagun Onak Euskal Etxe pergaminotarra, batez ere etxeko dantzari eta gazteen eskutik. Testuinguru horretan, alaitasun handiz ospatu zuten bertako bazkide eta lagunek erakundearen 65. urteurrena, haritz bat landatuz, danborrada bat kaleratuz eta urtebetetze afaria ere bildu zuen programa koloretsu batekin.
Pergamino, Argentina. Bi zatiko egitaraua burutu zuten Buenos Aires probintziako Pergaminoko Lagun Onak-eko arduradunek azaroaren 5ean erakundearen 65. urteurrena ospatzeko. Goizean, haritz bat landatu zuten udaletxe aurreko Merced plazan, horretarako Udalak propio utzitako leku batean. Zeremoniari hasiera emateko, Argentinako ereserkia eta Gernikako Arbola abestu zituzten bildutakoek eta horren ostean elkarteko lehendakari Marta Arrillagak Gernikako Arbolaren esanahiari eta Iparragirreren bertsoei buruzko hitz batzuk zuzendu zizkion publikoari.
Zeremoniaren baitan euskal musika eta dantzak eskaini zizkion euskal kolektibitateak komunitateari. Ohorezko Aurresku bat dantzatu zion Goizeko Izarra taldeko dantzari den Juan Ignacio Bonanseak arbolari eta ekitaldia osatzeko, danborrada jo zuten pergaminotarrek hiriko plaza nagusian (Bideoa hemen). Aipatzekoa da Javier Martinez alkatearen izenean, oroigarri bat eskuratu ziola Udaleko Kultur Koordinatzaile Ines de la Sotak Marta Arrillaga lehendakariari.
Afaria, euskal dantzak eta ‘patxanga’
Gauean berriro ere elkartu ziren Euskal Etxeko kide eta lagunak oraingoan euskal instituzioaren instalazioetan. Carlos Miguelena buru, etxeko sukaldari taldeak primerako menua prestatu zuen: txistorrak, hanburgesak eta kazolak. Gauean zehar Goizeko Izarra taldeko edade guztietako dantzariak arduratu ziren euskal dantza erakustaldiaz, eurak egindako jantziak eta buruhandiak estreinatuz. Jaia ordu txikiak arte luzatu zen, ‘Magia Blanca’ taldearen zuzeneko musikarekin.
2016-2018 epeko Batzordea
Urriaren 26an egindako Biltzar Orokorrean Zuzendaritza Batzorde berria hautatu zuten Lagun Onak-eko kideek. Bi urteko agintaldi honetan talde honek izango du erakundea zuzentzeko ardura:
-Lehendakaria: Martha Arrillaga
-Lehendakariordea: Carlos Miguelena
-Idazkaria: Daniela Albarracin
-Idazkariordea: Milena Badia
-Diruzaina: Alicia Ruiz Moreno
-Diruzainordea: Graciela Arzuaga
-Batzordekide titularrak: Raquel Gomez Echevarrieta, Ana Franco Arregui, Susana Andreoni, Silvia Caminos
-Batzordekide ordezkoak: Carlos Manzoco, Juan Bonansea, Carlos Otegui, Maria Delia Larrauri
-Batzorde Kontu-Ikuskatzailea, kide titularrak: Julio de Sautu, Silvia Arregui, Ethel Arregui
-Batzorde Kontu-Ikuskatzailea, kide ordezkoak: Rebeca Ugarte, Alejandro Carnevale