euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pergamino hiriak Lagun Onak EEko lehendakariorde Alicia Ruiz Moreno saritu du Emakumearen Egunean

2014/03/17

Alicia Ruiz Moreno Emakumeraren Eguna dela eta Pergaminon egindako ekitaldian (argazkiaEE)
Alicia Ruiz Moreno Emakumeraren Eguna dela eta Pergaminon egindako ekitaldian (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Herriaren alde lan egiten duten andreen esfortzu eta ardura saritu zituen Pergaminoko Udalak joan den martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunaren baitan. Lagun Onak Euskal Etxeak ordezkari berezi bat izan zuen omenaldian; izan ere, Alicia Ruiz Moreno instituzioko lehendakariordeak jaso zuen diplometako bat, osasun arloan, Terapia Okupazionalean hain zuzen, izan duen ibilbideagatik. Euskal Etxeko kideek zinez txalotu dute euren buruzagi eta lagunari eginiko omenaldi hunkigarri hau.

Pergamino, Argentina. Urtero bezala, aurten ere ospatu du Emakumearen Nazioarteko Eguna Buenos Aires probintziako Pergamino hiriak. Izan ere Udalak zenbait ekitaldi antolatu zituen data gogoratzeko, tartean esparru ezberdinetan euren ingurua hobetzearren lan egitendako emakumeak saritzeko omenaldi bat. Ekitaldia Udaletxean gauzatu zen eta Udalbatzako burua den Lucio Tezonek izan zuen –alderdi politiko guztietako agintariek lagunduta– diplomak banatzeko ohorea.

Euskal gizataldeari dagokionez, ez zen omenalditik kanpo geratu eta saria eta aitortza jaso zuen Alicia Ruiz Moreno Lagun Onak-eko lehendakariordea ez ezik, euskal etxeko beste kide batzuk ere bertaratu ziren ekitaldira, euren lagunari laguntzera. Euskal elkartetik EuskalKultura.com-i jakinari zaionez, Alicia Ruiz Moreno Pergamino hiriko lehenengo Terapeuta Okupazionala izan zen eta gaztetan hasi zen lanean Hezkuntza Bereziko Ikastetxeetan, San Jose Ospitaleko Pediatria Zerbitzuan eta kontsulta pribatuan. Horrez gain, 1988an eta hirian menpekotasunen prebentzioan aitzindari izan zen ‘Nosotros’ elkartea osatu zuen, beste profesional, aditu, ikasle eta herritarrekin batera.

Baina Ruiz Morenoren ekarpenak ez dira osasun alorrera mugatu. Lagun Onak Euskal Etxeko betiko kide izanik lan handia egin du euskal kultura zabaltze aldera. “Amaren aldeko familiarekin hasi nintzen euskal etxera joaten. Larramendy abizeneko aitona Garindainen, Zuberoan, zen jaioa” diosku. “Bera gazterik hil zen, bere seme-alabak haurrak zirela, eta hori dela eta ez zien bere jaioterri edo kulturari buruzko ezer transmititu. Gainera, kontuan izan behar da garai hartako neska-mutilek ez zutela asko galdetzen. Aitona emakume euskaldun batekin ezkondu zen eta haien artean euskaraz mintzatzen ziren, baina seme-alabekin inoiz ez”.

Lagun Onak Euskal Etxea bere hasieretan

“Pergaminoko Lagun Onak Euskal Etxea, garai bateko gainerakoak bezala, etorkinek sortu zuten. Orain ez bezala, hasieran ez geneukan egoitzarik eta euskal immigranteek berek irakasten ziguten dantzan. Gogoan ditut oraindik Eugenia Ubillos de Corta eta bere neba, Lino Ugarte, Larrea eta Joaristi, batzuk aipatzearren”, azaldu digu Lagun Onak-eko lehenengo dantzarietako bat ere izan zen Alicia Ruiz Morenok. “Haiekin Fandango eta Arin Arin baino ez genituen dantzatzen; eta era informal batean egiten genuen, hau da, ez zegoen ‘dantza talde’ antolaturik. Denbora aurrera joan ahala eta Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko kideei esker dantza gehiago sartu genituen gure errepertorioan, esaterako Ezpatadantza. Jaiegunetan ateratzen ginen dantzatzera, meza ondoren eta herriko plazan eta inguruko kaleetan. Eta jendeak atsegin handiz hartzen gintuen. Gero, 1960. urtean Buenos Airesera joan nintzen ikastera eta bertan geratu nintzen bizitzen. Pergaminora bueltatu nintzenean, berriro hasi nintzen euskal etxean parte hartzen eta geroztik beti izan naiz instituzioan”.

Urteak joan, urteak etorri, gero eta ardura handiago hartzen joan zen bere gain Alicia euskal etxean eta gaur egun bertako lehendakariordea da Julio de Sautu buru duen Zuzendaritza Batzordean. Argentinako beste hainbat euskal etxetan bezala, Pergaminokoan emakumeen ahalegina ezinbestekoa da erakundea mantendu eta garatzen. Emakumeen Egunekoa aukera hau baliatuz, esker beroak adierazi nahi dizkio Lagun Onak-ek bere lagunari, “etengabeko bere lan, engaiamendu eta ibilbideagatik”. Eskerrik asko, Alicia.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia