euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pergaminoko Lagun Onak: "Urtea energia handiz itxi dugu eta 2023ari indar, gogo eta ahalegin osoz ekingo diogu"

2022/12/28

Danborrada donostiarra ere, Lagun Onak-eko kideek osatua, Pergaminoko Urte Amaiera Festako parte izan zen, Carlos Otegui zuzendari
Danborrada donostiarra ere, Lagun Onak-eko kideek osatua, Pergaminoko Urte Amaiera Festako parte izan zen, Carlos Otegui zuzendari

PUBLIZITATEA

Pergamino, Argentina. Pergaminoko Lagun Onak euskal etxeak, Andrea Sabas lehendakari, euskal kultura zabaltzen urte osoan egindako lana ospatzen zuen festa handi batekin itxi du 2022a. Partaide ziren Goizeko Izarrako dantzariak, euskara ikasleak, danborradako kideak, muslari taldea, sukaldariena eta Olentzero ere bildu zen abenduaren 17an urteari agur esateko. “Urtea erabat positiboa izan da, hain latz eta gogor jo zigun pandemia gainditzea lortu dugulako. Jendea gogogabetuta zegoen, baina maiatz aldean giro horri buelta ematen hasi ginen eta, urtean zehar, bazkide berriak eta guzti inguratu zaizkigu euskal etxera”, esan dio EuskalKultura.eus-i Etxeko lehendakariorde Carlos Miguelenak.

Ikuskizuna Goizeko Izarra dantza taldearen erakustaldiarekin hasi zen. Dantzari txikiek Marina Fauraren zuzendaripean hartu zuten parte. Helduak, berriz, Sofia Irustaren eskutik aritzen dira, aurten Lagun Onak-en ordezkari izan dena Euskal Herrian Gaztemundu programan. Eta adin guztietako dantzariak batu ziren, publikoak txalo bero zarta ederrarekin errezibitu zuen Lantzeko Inauteria dantza partekatuan. Ondoren heldu zen San Sebastian Martxaren danborrarien eskutik, Carlos Otegui zuzendari. Eta Olentzerok, Martin Olaecheak rolean sartuta, poza ekarri zien umeei, eta helduei ere bai.

2023ari indar, ahalegin eta gogo osoa sartuko

Errekonozimenduak banatzeko unea ere izan zen, eta Martin Urruchuaga muslariak 2022an partida gehien irabazi dituenaren saria eskuratu zuen. Euskara arloan, diplomak banatu zitzaizkien ikasleei, auzoko Arrecifes herritik eskolak ematera etortzen den Euskaldunak Denak Bateko irakasle María del Carmen Rodriguezen eskutik, Izan ere, euskal etxe arrecifestarreko ordezkaritza polita bertaratu Pergaminora, feste momentu goxoak elkartasun giroan partekatzeko. Amaitzeko, Goizeko Izarra itzuli zen jendaurrera Fandangoa, Arin arina eta Kalejira dantzatzeko.

“Urte amaierak lanean buru belarri harrapatu gaitu", adierazi digu Carlos Migelenak. "Macachingo Euskal Aste Nazionala poztasunezko akuilu bat bezala sentitu genuen. Eta urtea, festa alai honekin itxi dugu, energia eta gogo handiz 2023a abiarazteko, oso urte ona izango dela pentsatzen baitugu; guk behintzat gure indar guztia, gogoa eta ahalegina sartuko diogu hala izan dadin", aitortu digu Miguelenak zinez itxaropentsu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia