Hitzordua gaur bertan da, arratsaldeko 7etatik aurrera, San Nicolas oinezkoentzako kalean, hiriko hainbat elkarte, erakunde eta kolektibitate lagun. Programa oparoa eta zabala da eta, Udalak gonbidaturik, Lagun Onak-ek euskal dantzak, gastronomia eta Euskal Herriko informazioari buruzko informazioa eskainiko dizkio publikoari.
Pergamino, Argentina. Kalean eta komunitateari begira antolatzen den Arte Noche ekitaldia gaur plazaratuko da hiriaren erdigunean. Euskal Etxearen kultur eta sukaldaritza standa Mitre kalean egongo da kokatuta, San Nicolas eta 25 de Mayo kaleen artean. Bertan sakotea eta itsaski kazolak eskainiko dira. Kulturari dagokionez, euskal abizenei buruzko informazioa eta oroigarriak egongo dira ikusgai eta salgai.
Metro gutxitara, euskal dantzak taularatuko dituzte Lagun Onak-eko dantzari helduek jaiko agertokian. Dantzari txikiek ere egingo dute euren emanaldia baina hauek, standean.
Urteurrena eta urte amaierako jaia
Gonbite honekin batera, Euskal Etxearen 64. urtebetetzeko jaiaren berri ere iritsi zaigu Pergaminotik. “Urteurrenarekin batera, urte amaierako festa ere ospatu dugu. Oso urte bizia izan da aurtengoa, lan handia egin dugu eta poz pozik gaude. Beraz Arte Noche jaialdiarekin bukatuko ditugu 2015eko ekintzak datorren urtean indar berrituta bueltatzeko”, jakinarazi dio Euskal Etxeko kide den Alicia Ruiz Morenok EuskalKultura.com-i.
Ospakizuna azaroaren 28an izan zen eta 120 lagun bildu zituen erakundearen egoitzan. Afariaz gain dantza ikuskizuna ere eskaini zieten anfitrioiek bildutakoei Etxeko dantzariak eta Ekin Dantzari Talde hiriburutarra protagon ista.
Pergamino hiriaren urteurrena
Gero eta partaidetza zabalagoa du Lagun Onak Euskal Etxeak komunitatearen ekitaldietan. Hori dela eta ezin zen hiriaren urteurrenaren zeremoniatik kanpo geratu. Abenduaren 13an erakundeko Goizeko Izarra Dantza Taldea 25 de Mayo plazan aritu zen hiriaren 120. urtemugako ospakizunean.