euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pergaminoko Lagun Onak Euskal Etxeak euskal gaiei buruzko bi ikerlan bideratu ditu

2010/08/06

Lagun Onak Euskal Etxeak bideratutako euskal gaiei buruzko ikerketak Pergaminoko 122 zenbakidun Irakasleen Prestakuntza Goiko Institutuan aurkeztu ziren
Lagun Onak Euskal Etxeak bideratutako euskal gaiei buruzko ikerketak Pergaminoko 122 zenbakidun Irakasleen Prestakuntza Goiko Institutuan aurkeztu ziren

PUBLIZITATEA

Beste hainbat ekintzen artean, Diasporako euskal etxeek hartzen dute batzuetan euren inguruko hezkuntza-instituzioei buruzko ikerlan arloan laguntzearen ardura. Bide honetatik, euskal kultura zabaltzeaz gain erakundeen arteko harremana sendotu egiten da. Eta hauxe da hain zuzen Lagun Onak-ek hartu duen bidea. Pergaminoko euskal etxeak bertako Irakasleen Prestakuntzarako 122 zenbakidun Goiko Institutuko bi historia ikasleri lagundu zien beren ikerlanetan. Ikerketek euskal gaiak hartzen zituzten ardatz. Batak, Pergamino eskualdean euskaldunen kokapena eta besteak euskal pilota Pergaminoko frontoietan. Bi proiektuak aipatutako Institutuan aurkeztuak izan ziren euskal etxeko agintari eta Historia irakasleen aurrean.

Pergamino, Argentina. Pergaminoko Irakasleen Prestakuntzarako 122 zenbakidun Goiko Institutuko Historia bi ikasle euskal kulturan murgildu ziren urteko lehenengo lauhileko ikastaroari zegozkion ikerlanak egiteko. Ikas prozesuan, Lagun Onak Euskal Etxeko kideen laguntza jaso zuten Andrés Angel Mengascini eta Diego Canulli ikasleek, eta lana bukatuan haiek ateratako ondorioak eta emaitzak aurkeztu zituzten hiriko Colon Etorbidean dagoen Institutuan.

Mengasciniren azterlanari dagokionez, “Euskaldunen kokapena Pergaminoko landa-eskualdean” izeneko idatziak gizarte, ekonomia eta kulturaren arloan Euskal Herriko immigranteek izan zuten eragina deskribatzen du. Errolda ofizialetan, prentsan, elizako txostenetan, euskal etxeko kide helduenei egindako elkarrizketan eta Lagun Onak-eko liburutegian dagoen dokumentazioan daude oinarrituta datuak.

Canulliren azterlanaren kasuan, berriz, kirola izan da gai orokorra; zehatz mehatz, “Euskal pilota Pergaminon” du izenburu tesiak. Lanaren hasieran, Canullik Pirinioetako kirol honen mota ezberdinak azaltzen ditu eta ondoren Pergaminon nola heldu eta garatu zen.

“Historia Institutuko ikasle hauek egindako azterlanak euskal etxeko liburutegian ikusgai egongo dira” azaldu diote euskal etxeko arduradunek EuskalKultura.com-i. “Udaletexeko liburutegian, Buenos Aires probintziako Ipar-mendebaldeko Unibertsitatean, Irakasleen Prestakuntzarako Goiko Institutuan eta eskoletan ere banatuko ditugu beste kopia batzuk. Guretzat oso ekintza garrantzitsua izan da eta ezagutzera eman nahi dugu”, adiera digute Lagun Onak-eko kideek.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia