euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Erakundearen eta kideen arteko komunikazioa sustatzen ekin dio 2012ri Pergaminoko Lagun Onak EEak

2012/04/02

Pergaminoko Lagun Onak euskal etxeko dantzari gazteenetako batzuk (argazkiakEE)
Pergaminoko Lagun Onak euskal etxeko dantzari gazteenetako batzuk (argazkiakEE)

PUBLIZITATEA

Ospakizun handien urtea izan zen iazkoa Pergaminoko euskal etxeko kideentzat. 2011an 60 urte bete zituen Buenos Aires probintziako hiri honetako Lagun Onak elkarteak eta urtemugari zegozkion bilera eta jaiak urte osoan zehar burutu ziren. Urteurren ekimenek lortutako arrakastak bultzarik, proposamen ugariko egitaraua luzatzen diote orain euskaldun pergaminotarrek komunitate osoari; 9 de julio kaleko egoitzan gauzatuko diren ekintzen artean aipa daitezke Pazko janari salmenta, dantza klaseak, topaketak eta abesbatza, besteak beste. Bitartean, Lagun Onak-en facebookeko tokiak aktibitate hauen berri, instituzioaren historia eta euskal kulturari buruzko informazio eguneratua eskaintzen du. Izan ere, 2012 honetan, eta teknologia berriez baliaturik, erakundearen eta bere kideen arteko komunikazioa sendotzeko asmoa dute Pergaminoko euskal etxeko arduradunek.

Pergamino, Argentina. Hirurogeita hamar urte ditu Lagun Onak euskal etxeak eta apenas hiru gutxiago bertoko dantza taldeak. 1955ean, erakundeko egoitza inauguratu zenean, lehendabiziko aurkezpen bat egin zuten etxeko dantzariek. Egungo neska-mutilak ez dira garai hartakoak, jakina, baina garai hartakoen gogo eta konpromiso maila bera dute. Ostiralero entseatzeko elkartzen dira. Pergaminoko euskal etxeko dantza eskolak, ostiral arratsaldeko 5:30etan dira txikientzat (2 eta 12 urte artekoentzat) eta iluntzeko 7etan nerabe eta helduentzat.

Baina dantzak ez dira Lagun Onak-ek lantzen duen Euskal Herriko kultur adierazpen bakarra. Ahotsak abesbatzak gaztelaniazko nahiz euskarazko errepertorioa kantatzen du Martin Aguilar zuzendaritzapean. Abeslariak astelehenetan elkartzen dira euskal etxearen egoitzan, gaueko 8:30etan.

Eta dantzariak eta abeslariak ez ezik, komunitate osoa dago gonbidatuta Pergaminoko euskaldunek antolatuko dituzten afarietara. Asmoa da hilabete guztietan elkarretaratze bat egitea, plater gozoak partekatu eta lagunekin elkartzeko. Hauexek dira datozen hilabetetako hitzordu eta menuak:

-apirilaren 13an, gaueko 9etan: pizza eta arroz-esnea
-maiatzaren 11an, gaueko 9etan: dilista gisatuak
-ekainaren 15ean, gaueko 9etan: oilaskoa sagardotan
-uztailaren 6an, arrain gisatua

Sukaldaritzako proposamenen artean ere aipatu beharra dago Pazko Ostiralean bakailaoa prestatuko dutela Lagun Onak-eko arduradunek, saltzeko. Ano bakoitza 55 pesotan salduko da eta erreserbak egiteko 436707, 440784 edo 15683799 telefono zenbakietara behar da deitu.

Bukatzeko, azpimarratuko dugu azken bolada honetan Lagun Onak euskal etxea indartzen ari dela komunitatearekiko daukan harremana. Bere lagunekin komunikatzeko bideak sendotze aldera prentsa arduraduna izendatu dute, elkarren ezagutza hobetzeko. Aldaketa honi esker, euskal etxeari eta euskal kulturari buruzko informazio eguneratua irakurri ahal da instituzioaren facebookeko horman baita erakundearen historiaren xehetasunak ere. Lan hau Amira Querede Ugarte kazetaritza ikaslearen esku ezarri da.

-Euskal etxearen facebooka: Centro Vasco Pergamino Lagun Onak



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia