euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pergaminoko Euskal Etxeak 'Lagun Onak' Integrazio Proba izeneko lasterketan parte hartzeko gonbitea egiten du

2007/09/14

Iaz Euskal Etxeak lasterketan parte hartu zutenei oparitu zien elastikoa
Iaz Euskal Etxeak lasterketan parte hartu zutenei oparitu zien elastikoa

PUBLIZITATEA

'Lagun Onak' Integrazio Lasterketa Mesedetako Ama Birjinaren omenez Pergamino hirian antolatzen den maratoi erdiaren barneko proba da. Ahalmen berezidun pertsonek parte hartu dezakete Euskal Etxeak antolatzen duen lasterketa honetan. Lagun Onak proba, baina, ez da lehia orokorrean sartzen eta edonork parte hartu dezake, adin eta kategoria mugarik gabe. Lasterketarekin jasotzen den dirua ongintzarako da, Karitas erakundearentzat hain zuzen. Hitzordua hilaren 30ean izango da, Pergaminoko Udal Parkean, 9:00etatik aurrera.
Mesedetako Ama Birjina Pergaminoko zaindaria da eta herriak bere izeneko maratoi erdi bat antolatzen du urtero. Horrela izan da azken bost urteetan eta aurten ere Karitas erakundearentzako ekimen dirubiltzaile gisa planteatu dute. Euskal Etxeak ideiarekin bat egin zuen bigarrengo edizioaz geroztik eta Lagun Onak Integrazio Proba delakoa antolatzen du aurten ere. Proba honetan 5.450 metroko ibilbidea burutzen da, korrika zein oinez, eta nahiz eta maratoiaren barruan egin, ez da lehian sartzen. Integrazio froga da, lasterketan edonork parte hartu dezakeelako, berdin da adina edo kategoria.

Aurreko urteetan bezala, lasterketa hasi aurretik soinketa irakasleek berotze eta luzate ariketak erakutsiko dizkiete parte-hartzaileei. Korrikalari guztiek, bai maratoikoak zein Lagun Onak probakoak, batera irtengo dira. Maratoikoek zenbakia eramango dute euren elastikoan eta Lagun Onak probrakoek 'I' letra handi bat.

Elastikoa eta txapela opari

Helmugara iristen diren 'ibil-korrikalariek' elastiko bat eta domina bana jasoko dute. Aurreko urteetako ohiturari jarraituz, Lagun Onak-ek txapel bana emango die partehartzaile nagusienari eta gazteenari. Parte-hartzaileen adin tarte zabalaren ideia egin ahal izateko Lagun Onakeko arduradunek iaz txapela horiek 3 urtetako ume bati eta 70 urtetako gizon bati eman zizkietela aipatu zuten.

[Goiko irudian iazko lasterketaren irteera, maratoia eta integrazio probako korrikalariak batera]

Euskaldunen kirol zaletasuna

'Euskaldunek beti izan dute kirol zaletasuna, batez ere ahalegin fisiko handia eskatzen duten kirolen zaletasuna. Ibiltzea eta mendia adin guztietako euskaldun askok egiten dituzten ohiko ariketak dira. Horregatik proba honetan parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu euskaldunen ondorengo, familia eta lagunei, euren arbasoen kirol zaletasuna manten dezaten', dio Lagun Onak Euskal Etxearen deiak. Aurten antolatzaileek iazko markak hautsi eta 500 korrikalarik izena ematea espero dute.

Lasterketa irailaren 30ean izango da eta Pergaminoko Udal parketik aterako da 9:00tan. Izena eman nahi duenak Euskal Etxearen egoitzara jo behar du (9 de julio kalea, 835), edo La Mercedeko Karitasen. Izenematearen prezioa 10$ izango da hilaren 15a arte eta 12 $ egun horretatik aurrera 29a bitartean. Ezin da izenik eman lasterketaren egunean bertan.


Lotura interesgarriak

Lasterketaren webgunea
www.21kmpergamino.com.ar

Tomás Otaegui abokatuari omenaldia Pergaminoko Lagun Onaken
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 1ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia