Eta erantzun ezin hobea jaso zuen herritarrengandik. Jende ugari bildu zen oinezkoentzako San Nicolas kalean eta euskal ikuskizun batez gozatu ahal izan zuten, dantza eta musika barne. Chacabucoko Guillermo Larregui eta Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat euskal etxeetako lagunek bat egin zuten Pergaminoko Euskal Etxearen ospakizunarekin.
Pergamino, Argentina. Pergaminon inoiz ospatu ez den modu batean ospatu zuen 2016ko San Fermin Jaia hiriko Lagun Onak Euskal Etxeak. Ospakizuna uztailaren 16an izan zen eta txupinazo batekin hasi zen, arratsaldeko 4:30etan, oinezkoentzako San Nicolas kalean.
Txupinazoak musika eta dantza ikuskizunaren txanda ekarri zuen: Euskal Etxeko dantzari batek Aurreskua dantzatu zien agintariei eta horren ostean, danborrada jo zuten Lagun Onak-ek danborjotzaileek.
Dantzariek ere jarri zioten euren erritmoa festari baina ez Pergaminokoek bakarrik; Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeko dantzariak ere izan ziren San Fermin ospakizuneko protagonista. Iluntzean, meza antolatu zuen euskal gizataldeak Merced elizan eta eguna bukatzeko, afari batera gonbidatu zituzten anfitrioiek hiriko lagun eta bisitariak. Aipatzekoa da Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat-eko ordezkari bat bertaratu zela Pergaminora jaira. Ekitaldia erromeria batekin bukatu zen, Euskal Etxearen egoitzan. EuskalKultura.com-eko artikulu honetan, horren guztiren isla argazki galeria gisa: