Pergamino, Argentina. Bere 69. urteurrena ospatuko du datorren larunbatean Pergaminoko Lagun Onak Euskal Etxeak, goizeko 11etatik aurrera eta ‘hibridoa’ izenpean gero eta arruntagoa egiten ari den moduan. Alegia, goizean hainbat eduki igoko ditu bere sare sozialetara eta iluntzean janari salmenta egingo du bere egoitzan bertan.
Ospakizunari hasiera emateko lanetan Martha Arrillaga lehendakaria eta Andrea Sabas Dantza Taldeko arduraduna ibiliko dira. Beraiek aurkeztuko dute urteurrenerako prestatu duten programa eta materiala: Euskal Etxearen hastapen garaiko bideoak, Dantza Taldearen egungo emanaldiak Immigrantearen Omenezko Monumentuko Banderen Patioan; Aurresku eta Arin-arina; eta 69 urte hauetako argazkiak. Bazkide eta lagunen agurrak ere egongo dira.
Egunari amaiera emateko, gustuz eta arrakastaz egiten duten zerbait prestatuko dute: Oilaskoa piperrekin, janari salmenta egiteko. Bere zatia erosi nahi duenak erreserba 2477 361 317 telefono zenbakian egin dezake.
Pandemian ere, elkartasuna
Pandemia gorabehera Euskal Etxeak argi dauka jarraitu nahi duela ‘Ayudanos a Crecer’ jantokiari eman ohi dion laguntza ematen, eta zintzo ari da horretan. Hilabetero zenbait lapiko beteta prestatzen dituzte gizarte-sektore ahulenetako neska-mutilentzat.
Buenos Aires probintzia osoan bezala, gero eta Covid-19 kasu gehiago ari dira agertzen egunero ia ehun mila biztanle dituen Pergaminon. Azken datu ofizialen arabera, oro har 27 lagun zendu dira hirian orain arte.
Lagun Onak sare sozialetan, Centro Vasco Lagun Onak Pergamino