euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pentsatu al duzue zeure Euskal Etxean nola ospatu Euskal Diasporaren Eguna? Komunikatu, mundu programan sartzeko

2024/08/05

Zazpigarren urtez ospatuko da irailaren 8an Euskal Diasporaren Eguna, Euskal Herrian instituzionalki Oñatin eta munduko hamaika lekutan
Zazpigarren urtez ospatuko da irailaren 8an Euskal Diasporaren Eguna, Euskal Herrian instituzionalki Oñatin eta munduko hamaika lekutan

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Gero eta gutxiago falta da irailaren 8rako, Euskal Diasporaren Egunerako. Egun horretan, munduko hamaika euskaldun eta euskal etxek Euskal Diasporaren errealitatea ospatu eta bat egingo dute banan bana mundu osoan kanpoko Euskal Herria osatzen duten makina bat euskal elkarte eta komunitaterekin, euren mundu komuna eta Euskal Herriarekiko eta munduko euskal familia handiarekiko partaidetza eta atxikimendua argi eta ozen aldarrikatu eta jendaurretzeko.

Mundu osoko hamaika euskal etxek, bakoitzak bere era eta ahalean, bat egingo dute irailaren 8an Euskal Diasporaren Eguna ospatzen eta euren errealitatea aldarrikatzen. Zeureak ere?

Dagoeneko prestatzen ari zaretela zerbait zeure euskal etxe eta herrian efemeridea ospatzeko? Bikain. Urtero bezala, Eusko Jaurlaritzatik deia egin diete ekitaldiren bat antolatzen ari diren munduko euskal elkarteei email bat euskaletxeak@euskadi.eus helbidera bidali eta komunika dezaten zein den ekitaldi, programa, bazkari, festa, hitzaldi, irratsaio, zinema saio, topaketa edo proposamen hori, fisikoa ez bada ere, edo prentsan edo sare sozialetara atera eta mezuak, irudiak, aldarriak, iritzi-artikuluren bat edo beste zernahi dela ere. Jasotzen diren jarduera guztiak egun horretan argitaratuko duen Euskal Diasporaren Eguneko munduko programara bilduko dira.

Ez dago ospatzeko modu bakarra

Gogoan hartu ez dagoela Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko modu bakarra. Norberak, nahi edo ahal duen moduan ospatzen du. Axola duena, bat egitea, ospatzea da, eta informazio hori da jaso nahi dena.

Zeure euskal etxean oraindik ez duzuela ezer erabaki? Bada hona aukera lagunekin komentatu eta prestatzen hasteko, zuen euskal etxea ere gainerakoekin batera mapan ager dadin, euskal diasporako hondar ale.

Garrantzitsua bat egitea

Aurten igandea suertatu da irailaren 8a, beraz ekitaldi gehienak asteburu horretan egingo bada ere, izango da seguruenik ospakizuna lehenago egin edo atzeratuko duenik. Ospakizun guztiak bildu nahi dira.

Ez geroratu. Garrantzitsua da zerbait antolatzea —izango dira programa handiak, txikiak, egun osokoak, ordubetekoak eta baita minutu gutxi batzuetako topa-egiteak ere— eta jakinaraztea. Gure diaspora ozen aldarrikatzea merezi du. Gogoratu: euskaletxeak@euskadi.eus.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia