euskal diaspora eta kultura
2011/10/24
PUBLIZITATEA
Chacabuco, Argentina. “Interes eta zaletasun berdinak ditugunontzako elkargunea da 'Peña Amigos de los Vascos' lagun-taldea”, jakinarazi diote EuskalKultura.com-i Chacabucoko elkarte berriko arduradunek, segidan esateko “eta Euskal Herria da, batez ere, batzen gaituen arrazoia. Aisialdiaz gozatzeko lekua izateaz gain, klaseak ere ematen dira, euskal argentinar kulturari buruzkoak hain zuzen ere”.
Dagoeneko bideratuta dagoen proiektuak bere egoitza du. “Aspaldian hasi ginen pensatzen geure tokia behar genuela, elkartu, hitz egin, ondo pasatu, musika entzun eta jaiak ospatzeko leku bat. Zorionez gaur badaukagu leku hori. Alokatzen dugun lokala San Martin eta Corrientes kaleetan dago”, azaldu diote Peñako sortzaileek buletinari. Egoitza joan den abuztuan inauguratu zen, eta eskaini zen lehenengo afarian adin guztietako elkarteko lagunek hartu zuten parte. Aipatzekoa da bisitan zen Juan Carlos Sanchez Maeztu gazte arabarrak ikurriña oparitu ziola talde jaio berriari.
Egoitzatik bertatik ere atera zen 'Peña Amigos de los Vascos'-ek joan den irailaren 25ean antolatutako “bizikleteada”. Herriko beste gizatalde batzuetako kide, ume eta helduekin egin zuten arduradunek proposatutako ibilbidea eta ondoren, sari gisa, erreki bat partekatu zuten partehartzaile guztiek.
['Peña Amigos de los Vascos' elkartean umeei begira egiten diren ekintzak]
Azken bolada honetan egindako aktibitateen artean, Cesar Arrondo irakaslearen hitzaldia ere behar da aipatu. La Platako irakasleak “Euskal Herria: nazio baten historia laburra” mintzaldia eman zuen Chacabucoko Udal Kultur Etxean. Datozen hilabeteei begira, beste zenbait hiltzaldi, ziklo-zine, literatur Kafe, mus txapelketa eta afariak gauzatuko dituzte elkarte berriko kideek.
“Euskal Herriaren eta gure artean dauden loturak azpimarratzeko, gustatuko litzaiguke aipatzea Peñako lehendakaria Juliana Zubieta dela. Juliana, Angel Zubieta galdakoztarraren alaba da. Zubieta futbolaria ezaguna izan zen oso. Hamasei urterekin Bilboko Athletic Klubean aritu zen eta 1940. urtean Buenos Aireseko San Lorenzo taldean sartu zen jokalari”, kontatzen dute harro chacabucotarrek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus