euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pello Mari Otañok 1904ean Buenos Airesen euskara irakasteko erabiltzen zuen gramatika kaierra aurkitu da

2010/09/15

Pello Mari Otaño
Pello Mari Otaño

PUBLIZITATEA

Pello Mari Otañoren heriotzaren mendeurrena pasa berri dugun honetan, Argentinako bertsolari zizurkildarraren inguruko beste albiste bat ere sortu da, hain zuzen ere Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean euskara eskolak emateko erabiltzen zuen eskuizkibribu edo ohar-koadernoa topatu da. Bertso munduari egin zion ekarpenaz gain, behar da gogoratu Argentinan opera baten hitzak ere idatzi zituela, eta ogibidez euskara irakasle ere izan zela bolada batez, askok Diasporan horretara dedikatuta aritu zen lehenengo irakasletzat daukatelarik.

Mar del Plata, Argentina. “Balore historikoaz gain eduki aldetik ere balore handia duen aurkikuntza da”, adierazi du Joxin Azkuek, historia irakasle eta Ikastolen Federazioko kide izateaz gain, Zizurkilgo Otañoren omenaldi batzordeko kide denak.

1904ko liburuxka honek 120 bat orri ditu, eta “La catedra de Bascuence” izenburupean, urteetan zehar autore ezberdinek aipatu izan duten gramatika biltzen du. Urtetan zehar Otañoren bizitza ikertu duen Joxin Azkuek, liburua topatu duenak, aurkikuntzak “sentsazio hunkigarria” sorrarazi diola adierazi du.

Pello Mari Otañoren heriotzaren mendeurrena ospatzeko antolatu ziren ekitaldien ostean egindako bilkura batean gertatu zen ezusteko aurkitzea.

Argentinan igaro genuen azken gauean, Mar de Platan, afalorduan, Julian Arrastoa, Otañoren biloba den Susana Ardanaz Otaño “Txuri” eta hirurok bildu ginen. Txurik eskuizkribuz beteriko koaderno baten pare bat fotokopia erakutsi zizkigun halako batean. Bagenekien, berak esana, bazuela bete aitonaren material ugari, baina argi zegoen koadernoari hari ez ziola garrantzi handirik eman.”

Azkar jabetu ziren Joxin Azkue zein Julian Arrastoa aurrean zuten aurkikuntzaren balioaz. Pello Mari Otañok Buenos Airesko Laurak Baten eskolan emandako klaseetan erabilitako eskuliburua zen, eskoletan erabiltzen zuen gramatika biltzen zuena.

Imagina dezakezu zein aurpegia jarri genuen Julian eta biok koadernotxoa ikustean, argazkiak ateratzen hasi ginen... ez genuen sinisten... Izan ere, balio historiko itzela izateaz gain, balio filologikoa ere handia du, bertan aditzak biltzen baitira, hauen deklinabide ezberdinak…”

Bertsolari herritarra zen Pello Mari Otaño, baina aldi berean oso jantzia eta literaturarako joera handikoa. Bere "Limosnatxo bat" edo "Mutil koxkor bat" bertso-sortak bertsolaritzaren historiako ezagunenetakoak dira.

Aurkikuntzaren aurrean, Joxin Azkuek apal esan du ez daukala “gaitasunik koadernoak duen balio filologikoa sakon balioesteko, baina argi dago, izan baduela, eta hori guztia elkarbanatzeko, datozen hilabeteotan internet bitartez eskuragarri jarri nhai dugu”, adierazi du.

Heriotzaren mendeurrenaren ospakizunak aurtengo maiatz-ekainean egin dira Euskal Herriko Zizurkilen eta Argentinako La Platan, Joxin Azkue bietan partaide eta antolatzaile. La Platako ekitaldiez honako bideoak ipini ditu eskuragarri sarean:

Bideoak

-Omenaldia Kanposantuan 1
-Omenaldia Kanposantuan 2
-Unibertsitatea 1
-Unibertsitatea 2
-Unibertsitatea 3
-Unibertsitatea 4
-Unibertsitatea 5
-Unibertsitatea 6
-Euskal Etxea (La Plata)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia