euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pello Guerra idazlea: “‘La Escondida’ etxaldearen istorioa Shanghaitik heldu zitzaidan, fardel batean, eta harrapatu egin ninduen”

2014/09/22

Guinea Lopez de Arana familia Mexikon, La Escondida etxaldeko garaitan (argazkia Javier Castro)
Guinea Lopez de Arana familia Mexikon, La Escondida etxaldeko garaitan (argazkia Javier Castro)

PUBLIZITATEA

“La Escondida. Una revolución entre cañas de azúcar” eleberrian, XX. mende hasieran Mexikora emigratu zuten senar-emazte arabar batzuen istorioan dakarkigu Pello Guerra idazle nafarrak. Pertsonaia erreal hauen gorabeheren bidez garai historiko nahasi bezain zirraragarria irudikatu du Guerrak: iraultza zapatista, baserritar eta lurjabeen arteko tinka, eta bi munduen artean harrapatutako maitasun eta adiskidetasun istorioak. Nafarroako Erresumari buruzko hainbat eleberriren egilea da Guerra, baina Shanghaitik heldu zitzaion fardel batek jarri zuen istorio berri honen lorratzetan.

Bego Miñaur/Iruñea, Nafarroa. Nafarroako Erresumari buruzko sei eleberri argitaratu ditu Pello Guerra Viscarret idazle nafarrak, baina azken lanean Mexikora jauzia egin du,  bi euskal emigranteren istorioa kontatzeko. Marcelino Guinea eta haren emazte Antonia López de Arana dira “La escondida. Una revolución entre cañas de azúcar” eleberriaren protagonista.

1905ean heldu zen Mexikora bikote arabarra eta Casa Aguirre izeneko enpresarentzako lanean hasi ziren. Enpresa honek “La Escondida” izeneko etxaldea zuen Nayarit estatuko Tepic hirian eta azukrea ekoizten zen bertan. Bost urte edo pozarren eman zituzten han, azkenik lan eta bizimodu finko batekin, baina orduan hasi zen Ameriketako mende horretako aurreneko iraultza, lurra banatzea eskatzen zuten langileena. Bikotea zurrunbilo historiko horretan harrapatuta geldituko da, batetik, euren bizimodua mehatxatzen duten borroketan murgildurik, baina, bestetik, ezin ahazturik eurek ere ezagutu zutela pobrezia gorria.

Shanghaitik heldutako fardela

Euskal familia honen abenturak bezain zirragarria, ia ia, izan da ere eleberriaren sorreraren istorioa. Nondik eta Shanghaitik heldu zitzaion Pello Guerrari bere irudimena lanean jarri zuen pista. “Gasteizko irakurle batek, Javier Castrok, neure liburu bat gustatu zitzaiola esateko idatzi zidan eta, bidenabar, bere birraitonen istorioa azaldu zidan”, esan dio EuskalKultura.com-i. “Handik gutxira, etxean jaso nuen fardel bat dokumentazioarekin, Shanghaitik bidalia, berak han egiten zuelako lan. Etxekoek arraro xamar begiratu zidaten, baina irakurtzen hasi eta harrapatuta gelditu nintzen”.

Javier Castrok apurka apurka bildu zuen informazio hura, bere blogean sortu zuen “Hacienda La Escondida – Tepic – Nayarit¨ atalari esker. Emeki emeki, etxaldearekin harremana zuten hainbat lagun datu berriak gehitzen hasi ziren. Horietako bat izan zen Javier Berecochea euskal-mexikarra, genealogiazale eta ikerlari sutsua, bere abizenari buruzko webgune mardul baten sortzaile.

'La Escondida' birtuala

Berecocheak etxaldeari buruzko informazio asko bidali zion Castrori, eta amaitzeko, ‘La Escondida’-ren familia birtuala Josu Ruiz Gordejuela historialari arabarraren ekarpenarekin osatu zen. “Javier Berecochea Casa Aguirren lan egin zuen nafar baten birbiloba da. Bere kasuan familia han gelditu zen”. Castroren birraitona-amonekin zer gertatu zen jakiteko, eleberria irakurri beharko.

Guerraren esanetan ikerlari hauen laguntza erabakigarria izan da liburua idazteko: “Beti diot denon artean eginiko eleberria dela. Eurek datu asko eta asko eman dizkidate, eta gainera baimena eman zidaten liburua protagonisten benetako izenekin argitaratzeko”.

Errealitatea ala fikzioa?

Egiazko gertakariak eta idazlearen irudimenak sortutako pasarteak nahastu egiten dira eleberrian, eta batzuetan zaila da jakitea errealitatea eta fikzioa non hasi eta non amaitzen diren. Emigrazioaren historia ikertzen dihardutenek ondo dakite badirela hamaika istorio harrigarri kontatzeko.

Adibide bat aipatu du Guerrak: "Javier Castrori liburuan agertzen den Buelna Generalaren bi ilobek idatzi zioten Suediatik. Buelnak iraultzan parte hartu zuen baserritarren alde, Zapatarekin batera, baina aldi berean Casa Aguirreko kontalari euskaldunaren alabaren nobioa zen. Maria Luisa Sarria izena zuen neskak, eta bere gurasoek alaba Bilbora bidaltzea erabaki zuten Buelnarengantik aldentzeko. Baina gauez, bidean zirela, Buelnak libratu egin zuen eta ihes egin eta ezkondu ziren. Pelikula ematen du, ezta? Ba, hara!, handik gutxira euren ezkontza-agiria eskuratu genuen eta hantxe irakurri genuen goizaldeko ordubatetan ezkondu zirela!”.

Astero argitaletxeak plazaratu du eleberria eta Euskal Herriko liburudendetan salgai dago. Internet bidez ere eros daiteke hainbat tokitan, esaterako, Elkar edo Hontza, liburutegien webgunetan.

“Mexikon ere argitaratu nahiko genuke, eta argitaletxe bila ari gara. Gure ustez ondo azaltzen ditu euskal emigranteen esperientzia eta nolakoa izan zen  Nayarit estatuan iraultzaren garaia eta, hortaz, mexikarrentzako interesgarria izan daiteke”, amaitu du egileak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia