Donostia-San Sebastián. Badaude euskal diasporako lagunak batzen dituzten hainbat data eta horietako bat, zalantzarik gabe, Gernikako Bonbardaketaren urteurrena da. Geldialdi bat egiten dute euskal etxeek egun honi begira eta hausnarketak eta oroimen ariketak bultzatzeko proposamen bereziak antolatzen dituzte, bat eginez munduko beste hamaika euskal etxeak batera eta bestera egiten dituzten oroimen-ekitaldiekin, eta Gernika eta Euskal Herri bertako ekitaldi instituzional eta herrikoiekin.
Hego Amerikatik Europara, era askotan bereganatzen du jendeak bakearen aldeko ikur bihurtu den 1937 urtean Bizkaiko herri honak jasotako erasoa, aurreko eta ondoko egunetan inguruan Durango eta beste herri batzuk ere zigortu zituena. Brasilen, adibidez, ‘Gernika Bizirik’ Astea antolatu du Sao Pauloko ‘Casa Guernica’ elkarteak eta mota askotako ekintzak garatuko ditu bertako problematikak batere vaztertu gabe. Berlinen, berriz, hausnarketak herrialdearen historian sakontzen du. Era batean edo bestean, herri guztietan bakearen aldeko mezua da nagusitzen duena.
EuskalKultura.eus-eko artikulu honetan, datozen egunotan egingo diren aktibitateak. Zure euskal etxekoa ez badago, bidali ezazu otegui@euskalkultura.eus helbidera.
Brasilen, Sao Pauloko ‘Casa Guernica’ delako kultur elkarteak ‘Gernika bizirik’ Astea antolatu du. Ekitaldiaren 3. edizio honetan hainbat aktibitate egingo dira: apirilaren 27an, ‘Haizearen kontra’ ibilaldia; apirilaren 28an, euskal pilotaren erakustaldia; apirilaren 29an, Sukaldaritza solidarioa; apirilaren 30ean, ‘Bakearen aldeko murala’, umeek margoturik; maiatzaren 1ean, ‘narrazio bisualak’, Gui Christ argazkilariarekin; maiatzaren 2an, euskal jatorrizko Adão Iturrusgarai artista plastikoaren muralaren inaugurazioa, ‘Pintxos’ tabernan; maiatzaren 3an, eztabaida irekia Sao Pauloko Unibertsitateko Angela Alonso doktorearekin; maiatzaren 4an, arte hiritarra, emakumeak eta Gernika gaiak jorratzen dituen arte emanaldia. Informazio osoa, hemen.
Txileko Santiagon atzo hasi zen euskal kolektibitatea urteurrena ospatzen "Gernika, una memoria necesaria" (Gernika, beharrezko memoria) solasaldiarekin. Etxepare Euskal Institutuaren eta Txileko, Peruko eta Kolonbiako Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzaren babesarekin, gainera, apirilaren 26an, "Gernika 3724" margolan kolektiboa inauguratuko dute. "Euskara eta euskal kultura" ikasgaiko Txileko Unibertsitateko hainbat ikaslek parte hartu dute proiektuan, Cecilia Zabaleta artistaren laguntzarekin. Lana Fakultatean bertan egongo da ikusgai bi astez. Viña del Mar-en eta Valparaison ere ospatuko dute urteurrena. Euzko Etxeko Kultur taldeak Alberto Rojoren “Gernika, el bombardeo” dokumentala proiektatuko dute apirilaren 27an, goizeko 11etan.
Uruguaiko euskal etxeek ere garatuko dituzte hainbat ekintza Gernikak pairatu zuen erasoaz hausnartzeko. Carmeloko Ibai Ondoko Etxean, Bonbardaketari buruzko hitzaldia eskiniko du Miguel Asquetak apirilaren 26an, iluntzeko 8etan. Montevideoko Haize Hegoak eta FIVUk, berriz, apirilaren 27an bilduko dira, goizeko 11etan hiriko Gernika Plazan, omenaldi bat egiteko.
Azkenik, Berlinen apirilaren 27an egingo dute omenezko zeremonia hiriko ‘Guernica’ Plazan (Zehlendorf). Urtero bezala, lore sorta eskainiko dute eta Gernikako eta gaur egungo gerretako biktimak izango dituzte gogoan