euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Peio Serbiellek 'Naiz' diskoa aurkeztuko du ostegunean Bordelen Euskal Etxeak eratu duen topaketa batean

2008/02/11

Peio Serbiellen 'Naiz' azken diskoaren portada
Peio Serbiellen 'Naiz' azken diskoaren portada

PUBLIZITATEA

Peio Serbielle musikari zuberotarra Bordelen izango da datorren ostegunean, bertako Euskaldunen Biltzarra Euskal Etxeak antolatu duen musika topaketan parte hartzeko. Kantariak bere azken lana, 'Naiz' diskoa, aurkeztuko du baina ekitaldia ez da ohiko kontzertu bat izango, kantari eta musikazaleen topaketa bat baizik. Izan ere Euskal Etxeko Bestalariak koralak egingo dio harrera Serbielleri. Musikariak diskoa aurkeztuko du eta entzulegoarekin diskoaren sorrera prozesuaz eta bere musikaz mintzatuko da.
Euskaldunen Biltzarra Euskal Etxeak gonbidapena luzatu zion Peio Serbielle kantari eta musikagile zuberotarrari bere azkeneko diskoa Bordeleko entzulegoaren aurrean aurkezteko datorren ostegunerako, otsailaren 14erako antolatu duen musika topaketan. Ekitaldian Serbiellek, Bestalariak koralarekin bat egiteko aukera izango du, euskal etxeko abesbatza ere 'Naiz' diskoaren aurkezpenera bilduko baita.

Diskoa aurkeztu eta bertako abestiak interpretatzeaz gain Serbielle entzuleekin lan honen sortze prozesuaz mintzatuko da. Ekitaldiari bukaera emateko lagunarteko afari bat egingo da Euskal Etxean, Bestalariak koralaren kantuek girotuta, David Mujika euskal etxeko komunikazio arduradunak EuskalKultura.com-i jakinarazi dionez.

Euskal Herriari kantu

'Naiz' diskoa Euskal Herriari buruz Serbielle prestatzen ari den trilogiako lehenengo partea da. 'Zara' eta 'Gara' izena hartuko duten diskoekin osatuko du trilogia. Aurreneko disko hau hein handi batean Serbiellek Frantziako gartzelan eman dituen 16 hilabeteen emaitza da (bere etxea ETAren bilerak egiteko utzi izana leporatzen zioten musikari zuberotarrari).

Esperientzia gogor horrek marka utzi du kantariarengan eta lan honekin Serbiellek bere ahotsa eta kantua eskaini nahi izan dizkio Euskal Herriari, Antonio Machado poeta espainiarraren hitzak gogoan hartuta: 'Unibertsala izan nahi baduzu, hitz egin ezazu zeure herriaz'.

Kolaboratzaileen opari musikalak

Diskoan agertzen diren kolaboratzaileei proposamen berezia egin zien Serbiellek: beraiak nahi zuten edozein kantu aukeratzea, diskoan opari gisa ager zedin. Hala, Nadine Rossellók Korsikako kantu erlijioso bat eskaintzen du, 'Diu vi salvi Regina'; Philippe Ezkurrak, berriz, bere akordeoiaren musika; eta Xaramela abesbatzak, 'Aita Gurea'. Renaud kantari frantziar ezagunak ere diskoan parte hartzen du, Parisen grabatutako kanta zati batekin.

Serbielle bera da diskoko letra gehienen egile. 'Babel' kantuan, euskarazko zatia gartzelan ezagutu zuen Andoni Zelaiak idatzia da eta 'Bedatsaren' kantaren testua Etxahun Irurirena. Diskoa eskuratu nahi izanez gero, Peio Serbielleren webgunean bertan dago eskuragarri.


Lotura interesgarriak

Bordeleko Euskal Etxearen webgunea
www.euskaletxea.org

Peio Serbielleren webgunea
www.peio-serbielle.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia