Mota askotako proposamenak eskaini zizkion Buenos Aires probintziako Pehuajo herriak bere komunitateari hiriaren urtemugaren programa barruan. Programak hamabi egun baitaratu zituen, arte, kirol eta gastronomia arloko proposamenez. Ikuskizunen artean, ‘Danborrada’ jo zuten Eguneko Zentroko gazteek euskal etxeak eta Zentroko arduradunek bideratutako proiektu bati esker.
Pehuajo, Argentina. Ekainaren 29an hasita, uztailaren 11ra arte luzatu ziren Pehuajo hirian 132. urteurreneko ospakizun ekitaldiak, hainbat erakunde partaide. Programak aktibitate ugari batu zituen herriko zenbait lekuetan eta adin eta interes guztietako publikoari zuzenduta.
Etxe Alai euskal etxearen partaidetzari dagokionez, ezohiko proposamen bat aurkeztu du aurten. Dardo Rocha plazan muntatutako erakunde eta artisauen azokan, Danborrada jo zuten hiriko Eguneko Zentroko gazteek, euskal kultura zabaldu eta Zentroak aurrera daramatzan proiektuak ezagutarazteko helburuarekin.
Euskal etxeko diruzain Elida Oroz-ek EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “oso une hunkigarria izan zen Danborradarena. Proiektua elkarrekin burutu genuen Eguneko Zentroko agintari eta musika terapeutek eta euskal etxeko kideok. Diziplina arteko lana izan zen; izan ere eraiki ere euretako zenbaitek euren danborrak ere eraiki dituzte eta mantalak guk egin genizkien. Bi saio eskaini zituzten, eta oso gustura gainera”, kontatu digu Etxe Alai-ko ordezkariak.
Musikarekin batera, goxoki eta oroigarriak ere eskaini zizkien Etxe Alai-k azokako bisitariei euskal standean. “Oso pozik gaude hiriko gainerako erakundeekin batera gure standa muntatu ahal izan genuelako. Eta esker beroak luzatu nahi dizkiegu antolatzaileei eta baita Eguneko Zentroko lagunei eta gazteen gurasoei gurekin han egoteagatik, hotza gorabehera”, azpimarratu du Orozek.