‘Y volverán a ser árboles’ izeneko literatura elkarteak Bakearen Nazioarteko Egunaren baitan antolatutako ekimenekin bat eginez, bi ekintza burutu zituen Pehuajoko Etxe Alai Euskal Etxeak. Goizean, euskal gizataldeko zenbait ordezkarik haritz bat landatu zuten herriko Bakearen Arkuaren aurrean. Arratsaldean, Euskal Etxearen egoitzan bildu ziren lagunak, aurten Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurrena dela-eta, Bizkaiko herrixkak jasandako erasoa gogora ekartzera.
Pehuajo, Argentina. Irailaren 21ean ospatzen da hainbat herrialdetan Bakearen Nazioarteko Eguna. Argentinan, Pehuajo hirian hainbat erakundek hartzen dute parte urtero eguneko programan ‘Y volverán a ser árboles’ elkartea koordinatzaile eta aurten, Bonbardaketaren 80. urteurreneko urtean, omenaldi eta gogoratze-ekitaldi berezi bat egin zieten antolatzaileek Gernikako biktimei.
Ekintzen programa goizean hasi zen, herriko Bakearen Arkuan. Bakearen bandera eta ikurrina igo ondoren, hitz batzuk zuzendu zizkieten erakundeetako ordezkariek bildutakoei. Zeremoniari amaiera emateko, haritz txiki bat landatu zuten Euskal Etxeko kideek herriko beste hainbat elkarte, erakunde, hezkuntza zentro eta kolektibitateetako lagunak lekuko.
Arratsaldean, Euskal Etxea izan zen elkarretaratzearen egoitza. Gernikako Bonbardaketa gogoan, 1937an gertatutakoari buruzko sarrera bat egin zuten anfitrioiek. Horren ostean, Gernikako Bonbardaketako irudiak “Aquella mañana” olerkiaren hitzek lagundutako bideoa proiektatu zuten antolatzaileek (bideoa, hemen ikusgai). Ondotik, hiriko ‘Clinica Visual’ arte tailerreko artistek egindako ‘Guernica’ koadroaren erreprodukzioa desestali zuten.
Zeremoniari amaiera emateko, topa egin zuten etxekoek eta gonbidatuek.