Bi hitzordu izango dituzte gaur Etxe Alai-ko kideek. Goizean, Bakearen Nazioarteko Eguna dela eta, hiriko Bakearen Arkua izeneko gunean egingo den zeremonian euskal gizataldearen ordezkari izango dira. Arratsaldean, berriz, Euskal Etxearen urtebetetzea ospatzeko, euren egoitzan bilduko dira haritz bat landatzeko eta brindisa partekatzeko, euskal makumea eta bere lan eskerga omentzearekin batera.
Pehuajo, Argentina. 60 urte bete ditu aurten Buenos Aires probintziako Pehuajo herriko Etxe Alai Euskal Etxeak; eta nahiz eta urteurrenaren eguna berez uztailaren 27a izan, gaur ospatuko dute bertako lagun eta bazkideek egun osoko programa batekin. Goizeko 10etan, ‘Y volverán a ser árboles’ izeneko literatur elkarteak gonbidaturik, Bakearen Nazioarteko Eguneko zeremonian hartuko dute parte euskal gizataldeko ordezkari. Ekintza Alsina eta Lavarden kaleetan dagoen Bakearen Arkuan izango da eta bertan Argentinako bandera igoko da.
Arratsaldeko aktibitateak, ostera, Euskal Etxean izango dira, 6etan hasita. Ekitaldiari hasiera emateko, Argentinako bandera, ikurrina eta bakearen bandera igoko dituzte eta ondoren Euskal Etxeko lagunek haritza landatuko dute euren lan eta ahaleginarekin “60. urteurren hau ospatzeko aukera eman diguten erakundearen sortzaileen omenez”.
Euskal Emakumearen omenezko murala
Ospakizun programarekin jarraitzeko Euskal Emakumearen omenezko mural bat inauguratuko dute Etxe Alai-ko kideek Euskal Etxearen egoitzan bertan. Instituzioko diruzain Elida Orozek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “urtemuga berezi honetan, zerbait berezia egin nahi genuen emakumeak omentzeko, Euskal Etxearen historian zinez garrantzitsu eta erabakiorra izan den ekarpena egin baitute, gu gaur hemen egotea ahaleraziz. Helburu honekin, hiriko Arte Eskolako irakasle eta ikasleengana jo genuen eta euskal emakumearen irudia nabarmentzen duen mural bat eskatu genien. Murala oraindik ez dago erabat prest baina laster egongo da –urriaren amaieran edo azaroaren hasieran– eta inaugurazio ekitaldi bat egingo dugu orduan. Hala ere, gaurko ekintzan muralaren inaugurazio sinbolikoa egingo dugu”.
Zeremonian brindisa ere partekatuko dute bildutakoek. Etorkizunari begira, murala inauguratzeaz gain Urteurren Afaria egingo dute Euskal Etxeko arduradunek kide eta lagunekin ospatzeko. “Eta Euskal Aste Nazionalera joango gara, urtero bezala”, jakinarazi digu Orozek.
Euskara klaseak
Honekin batera, beste berri on bat datorkigu Pehuajotik. Irailean berriro hasi dituzte euskara klaseak, Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxeko irakaslea den Alejandra Bengochea arduradun. “Eskolak ostegunetan dira, arratsaldeko 4etan eta hamar bat ikasle gara. Irakaslea hilean bitan etortzen da, eta bera etortzen ez den ostegunetan etxerako lana egiteko elkartzen gara”, zehaztu digu instituzioko ordezkariak.