euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pehuajo-ko Etxe Alai euskal etxe argentinarra ‘Bazkidearen Eguna’ren 4. edizioa ari da prestatzen ekainerako

2014/05/30

Etxe Alai-ren iazko azken afariaren irudia (argazkiaEE)
Etxe Alai-ren iazko azken afariaren irudia (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Oraingoarekin laugarren ediziora iritsiko den 'tradizio' hau badirudi honezkero erabat finkatuta dagoela Buenos Aires probintziako Pehuajoko euskal gizataldearen egutegian. Beraz aurten ere ‘Bazkide Eguna’ antolatuko Etxe Alaikoek, instituzioko kideak omentzea helburu. Jaia ekainaren lehenengo hamabostaldian izango da eta bazkariarekin bat, Euskal Herrian zehar ‘bidaiatzeko’ bideoak proiektatuko dira. Bestalde, Zuzendaritza Batzorde hautatu berriko idazkari Maria Elida Oroz-ek iragarri du elkarteko euskara klaseak ekainean hasiko direla direla Pehuajoko Etxe Alai-n.

Pehuajo, Argentina. Agenda bete-betea daramate Etxe Alai Euskal Etxeko kideek datozen aste eta dateterako eta buru belarri ari dira lanean programatutako dena ondo atera dadin. Izan ere, lana gustura egiten dute, badakitelako instituzioaren proposamenek harrera ona baino hobea izaten dutela herrian.

‘Bazkidearen Eguna’, esate baterako, duela hiru urte sortutako proiektua da eta hasieratik izan da oso arrakastatsua hemengo euskal komunitatean. Ekain honetan, laugarren ediziora iritsiko da. “Data zehatza ez dago oraindik erabat baieztatuta, baina ekainaren lehenengo edo bigarren asteburuan izango da. Beti bezala bazkaria izango da eta bazkariaren baitan bideoak proiektatuko ditugu Euskal Herriaren irudiak presente izateko”, azaldu digu Zuzendaritza Batzorde berriko idazkaria den Maria Elida Oroz-ek.

Baina ‘Bazkideren Eguna’ ez da, ez, egun hauetan Pehuajoko euskal ordezkarien eginkizun bakarra. Erakundeak argitaratzen duen berri buletina ere ari dira amaitzen datorren astean kaleratu ahal izateko. Horrekin batera, ikasgelak prestatu behar dituzte euskara tailerra laster hasiko baita. “Iaz bezala, Trenque Launquengo irakaslea, Alejandra Bengoechea, euskara irakastera etorriko da. Elkarretaratzeak hilean behin edo bitan izango dira eta bitarteko asteetan guk geure kabuz ikasiko dugu”, azaltzen digu Oroz-ek.

Urteurrena eta Liburu Azoka

Hurrengo hilabeteei begira, euskal etxearen urteurrena ospatuko dute Etxe Alai-koek uztailean eta hiriko Liburu Azokan hartuko dute parte irailean. Azokan, Magdalena Mignabururen Euskal Aberria Argentinan liburua aurkeztuko du euskal etxeak. Urtearen bigarren seihilekoan ere eta Maite Guevararen eskutik ‘Risoterapia’ tailerra eskainiko diote komunitateari. “Ez dezagun ahaztu, gainera, aipatutako aktibitateekin batera gimnasia, yoga eta ehungailu klaseak ematen ditugula astero” azpimarratu du instituzioko idazkariak.

Zuzendaritza Batzorde berriari dagokionez, aipatu behar da agintari berria hautatzeko Biltzarra apirilaren 4an gauzatu dela. Euskal etxetik jakinarazi digutenaren arabera, horrela geratu da osatua Zuzendaritza 2014-2015 eperako:

-Lehendakari: Liliana Ustarroz
-Lehendakariorde: Alejandro Maggio Curutchet
-Idazkari: Maria Elida Oroz
-Diruzain: Maria Elena Azurabarrena

-Batzordekide titular: María Isabel Suárez Segurola, Ana Josefa Egaña
-Batzordekide ordezko: Celeste Curutchet, Elsa Noemi Basualdo
-Kontu ikuskatzaile titular: Hilda Mary Gorri, Adriana Perez Azurabarrena
-Kontu ikuskatzaile ordezko: Miriam Oyarzabal



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia